Iparra eta hegoa elkartuko dira gaurtik igandera, Seguran
Gaur Andoni Egaña eta Amets Arzallus ariko dira, Kuxkuxtu txarangak lagunduta. Biharko gaua Astobabak eta DJ Bullek alaituko dute, eta larunbatekoa Iñazki taldeak. Igandeko Gereziondoko ekitaldian Seaska omenduko dute.
Festa giroa nagusituko da gaurtik igandera arte Seguran, XXIV. Iparra-Hegoa kultur ekitaldiarekin; Baionako Etxepare Lizeoko ikasleak lagun izango dituzte. Gaur goizean iritsiko dira Iparraldeko ikasleak eta Orkli kooperatiba bisitatzera joango dira lehendabizi; arratsaldean, 16:00etan, eskolara joan eta 18:00etan, kalejiran jaitsiko dira plazara.
Iluntze partea bertsolariena izango da. 19:30etik aurrera, Andoni Egaña eta Amets Arzallus ariko dira kantu-poteoan, Kuxkuxtu txarangak lagunduta. 21:30ean, afaria egingo dute, eta han, Jon Iturrioz eta Eneko Araiztegi ariko dira bertsotan. Gaur eguerdira arte txartelak salgai egongo dira Elorripe tabernan, 20 euroan (soldatagabekoek 15 euro). Xabier Albizu antolatzailearen esanetan, 300 bat lagun elkartuko dira gaurko bertso afarian.
Bihar, Etxepare Lizeokoak Lazkaoko Beneditarren artxibora joango dira goizean eta arratsaldean eskolan izango dira. 19:00etan, berriz, antzerki, musika eta dantza ikuskizuna eskainiko dute plazan. Ondoren, arkume eta sagardo dastaketa izango da, Kuxkuxtu eta Xutik txarangek alaituta. Gauerako. eskaintza bikoitza: Astobaba taldea eta Bull disko jartzailea.
Mendi ibilaldia eta pilota
Mendi ibilaldiarekin hasiko da larunbateko egitaraua, Goierriko eta Euskal Herriko hainbat txokotako mendizaleak elkartuta. Bazkarian indarrak hartu eta 16:00etan, pilota desafioa egingo dute: Etxepare Lizeoko ikasleek eta Segurako pilota eskolako pilotariek elkarrekin osatuko dituzte bikoteak. Hortik aurrera, musikak hartuko ditu Segurako kaleak eta plaza.
Goiaren eskulturan
Iparra-Hegoaren azkeneko eguna ere bete-betea izango da. 10:00etan, Goierriko eta Euskal Herriko hainbat txokotako 12 sukaldari talde sukalkia prestatzen hasiko dira; 16:30ean egingo da sari banaketa. 11:30ean, berriz, Goierriko eta Iparraldeko hautetsiekin ekitaldi instituzionala egingo dute udaletxean.
14:00etan, Gereziondoko ekitaldia egingo dute. Aurtengo kasuan, Erreboteko obrak direla eta, aparkalekuko Josu Goiaren Iparra-Hegoa eskulturan izango da ekitaldia. Seaskako integrazio batzordeak 20 urte eta Seaskak berak 50 urte bete dituztelako, Ladix Lanounque eta Ana Erasun izango dituzte gonbidatu. Bestalde, hilberria den Josu Goia ere gogoan izango dute igandeko ekitaldian, beratarrak egindako eskulturan.
Ohi bezala, herri bazkariarekin eta Mutxiko dantzarekin amaituko dute aurtengo Iparra-Hegoa kultur ekitaldia.
EGITARAUA
Bihar, ostirala
· 19:00. Etxepare Lizeoko ikasleen ikuskizuna.
· Iluntzean. Arkume eta sagardo dastaketa, eta Kuxkuxtu eta Xutik txarangak.
· Gauean. Astobaba eta DJ Bull.Larunbata
· Goizean. Mendi ibilaldia.
· 12:00. Zintzur bustitze alaitua eta bazkaria.
· 16:00. Pilota desafioa.
· 18:00. Kalejira aldarrikatzailea.
· Iluntzean. Taloak eta Euskal Herriko ardoen dastaketa, eta Kuxkuxtu eta Polekeleke txarangak. Ondoren, Etxepare Lizeokoei agurra.
· Gauean. Lapurdiko Iñaki taldea.Igandea
· Goizean. Animazioa herrian zehar: txistulariak, trikitilariak, dultzaina jotzaileak, albokoariak…
· 10:00. Sukalki prestaketa txapelketa.
· 11:30. Goierriko eta Iparraldeko hautetsiekin ekitaldi instituzionala udaletxean.
· 12:00. Hendaiako Akelarre dantza taldea.
· 13:00. Txakolin dastaketa.
· 14:00. Gereziondoko ekitaldia.
· 14:30. Herri bazkaria, Kuxkuxtu txarangak alaituta.
· 16:30. Sukaldaritza lehiaketako sari banaketa.
· 17:00. Mutxiko dantzarekin agurra.