Erauskin plazako lanak bost astean amaituta izatea espero du udalak
Lanak hainbat hilabetez luzatu badira ere, datozen bost asteetan bukatuta izatea espero dutela dio alkateak.
Nafarroa Etorbidea eta Kale Nagusia oinezkoentzat lotzeko Erauskin plazan egiten ari diren lanak atzeratuta doaz. Abuztuaren 2an hasi ziren Altuna y Uria enpresako langileak lanean eta amaitzeko epea bost hilabetekoa bazen ere, Aitor Aldasoro alkatearen esanetan, datozen bost astetan amaituko dela espero dute. «Tamaina eta ezaugarri hauek dituen obra batean gorabehera ugari sortzen dira. Bereziki lurzorua irekitzen denean eta zerbitzuen sareak agerian uzten direnean».
40 urtez aldaketarik gabe izan diren hoditeria eta zerbitzu sareak azaleratzean, «hauen egoera bistan geratzen da, eta hauek txukun jartzea eta berritzea beharrezkoa denean, arduragabekeriaz jokatu gabe hauen egoera eta funtzionamendua bermatzea udalaren ardura da. Atzerapenak onartu eta lanek eskatzen duten denbora onartzea besterik ez da geratzen». Ur sarea, Euskaltel, Telefonica, Iberdrola eta gasa dira, besteak beste, berritu direnak, eta ur zikinen hoditerian inklinazioa handitu dute, lurrean sakontasun handiagora zulatuz. «Denboran aurreratzea baino, arduraz kudeaketa on bat burutzea da udalaren lehentasuna. Horren zorrak lanen atzerapena da, eta ez nolanahikoa. Lanak txukun eta ondo egitea lehenetsi da unean uneko arazoei irtenbidea aurkituz. Lanak bermez ez egiteak erakutsi duelako zein ondorio izan litezkeen». Nekolalde kaleko lanekin ere berdin jokatu zela gogoratu du: «Zorua ongi egonkortzeko lanak luzatu ziren kasu hartan. Oriamendi kaleko lanekin gertaturikoak erakutsi du lanak azkar bukatzeagatik behar den bezala egiten ez badira arazoak berehala agertzen direla. Hori horrela, Oriamendiren kasuan lau urteren buruan berriz ere asfaltatze eta konponketa lanak egitea ekarriko du orduko lanetan egin behar zirenak ez egitearen ondorioz».
Alkatearen esanetan, «datozen asteetan amaiera gertu ikusteko moduan egongo garela espero da, beti ere gertatu den denbora luze honetako atzerapena onartuta, baina lanak ondo bukatuko direnaren ziurtasunarekin eta zerbitzuen sarea berritu, baldintza onenetan jarri eta urte askoan iraungo dutenaren bermearekin».