Trans mitoei buruzko hitzaldia egingo du Aitzole Aranetak gaur, Igartzan
III. Trans Zikloaren barruko ekitaldia da. Sexologoa, eta trans eta feminista aktibista da donostiarra. Apirilaren 5ean 'bertso transaioa' egingo dute Ekaitz Goikoetxeak gidatuta
Beasaingo III. Trasnzikloaren barruan, gaur, Trans mitoak desegin gaia izango du hizpide Aitzole Araneta donostiarrak. Sexologoa, eta trans eta feminista aktibista da Araneta. Berdintasun teknikaria da Pasaiako udaletxean. Araneta zakilarekin jaio zen eta 4 urte zituela esan zuen lehen aldiz neska zela, baina ez zioten kasurik egin. Eskolan iraindu egiten zuten, eta irakasleek ez zioten lagundu.
Beraz, Aranetarentzat garrantzitsua dira Trans Zikloa bezalako ekintzak, «gaiaren inguruko kultur proiektu gutxi dago, eta beharrezkoa da jendearengana hurbiltzeko». Bere egoera berdinean dagoenari zein gomendio emango liokeen galdetuta, ondorengoa erantzun du: «Bizitzea, esperientzia ezberdinek jakitun egiten gaituzte. Eta ahal badute ikastea eta irakurtzea, oro har, oraindik orain jendeak asko kuestionatzen duelako komunitate hau egozten zaizkigun mito eta estereotipoengatik».
Bestalde, Trans Zikloaren barruan, apirilaren 5ean bertso transaioa egingo dute 22:00etan, Igartzan, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Alaia Martin, German Urteaga, Maider Arregi eta Manu Goiogana bertsolariekin.