Iñaki Olanok bigarren aldiz eta Saioa Arkonada zegamarrak lehenengoz irabazi dute Gabiriako Leharrei mendi lasterketa
Gabirian gaur goizean jokatu da IV. Leharrei mendi lasterketa, 24 kilometroan. Iazko irabazleak jaso ditu aurten ere bi besoak helmugan, Iñaki Olano altzoarrak. Estu hartu dute hurrengoek, minutu baten barruan sartu baitira 2.a eta 3.a. Saioa Arkonada zegamarrak, estreinako Leharrein ahala erakutsi du.
Gabirian 137 lagunek parte hartu dute, gaur, IV. Leharrei mendi lasterketan, Goierri Kopa Trail lehiaketako laugarren proba baliagarrian. 134 korrikalarik bukatu dute. Korrikarako eguraldi paregabea izan dute, eta lokatza gehiegirik ere ez dute topatu ibilbidean.
Iñaki Olano altzoarrak irabazi du, bigarren urtez jarraian. Iaz baino 18 segundo gutxiago behar izan du 24 kilometroko eta 1.300 metro positibodun karrera amaitzeko (2:01:51). Azken aldapa pikoaren zain, indarrak erregulatuz joan dela aitortu du, bukaeran.
Bigarren, Ion Vegas aguraindarrak egin du (2:02:50). Ibilbidea iaztik ezagutzen zuen, eta txapeldunorde geratzea lortu du. Julen Ozaeta durangarrak osatu du gizonezkoen ohorezko hirukotea.
Lehenengo goierritarra 5. postuan helmugaratu da, Jokin Etxeberria ataundarra (2:08:20). Martin Diez segurarra, Imanol Intza zumarragarra eta Sergio Serrano idiazabaldarra iritsi dira hurrena.
Emakumezkoetan, palmareserako izen berria dauka Leharreik: Saioa Arkonada zegamarra. 2:41:28an geratu du kronoa. Iaz ere bigarren geratu zen Amaiur Iglesias errenteriarra sartu da ondoren, 2:45:41ekin. Beste zegamar batek hartu du hirugarren koska, Uxua Barandiaranek (2:51:11).
Lasterketako beste sari estimatu bat, Learregi aldapa azkarren igotzen duenari ematen zaion Ternua Saria, Iñaki Olano garaileak berak eraman du. 5:17 minutuan igo du azkeneko kilometro malkarra. Goierri Kopako trail distantziako lidertza are gehiago sendotu du, bestetik, Olanok.
Leharrei mendi lasterketako sailkapen osoa (kronoak.com):