Senide, lagun eta zaleen babesa jaso du Iker Irribarriak
Ordiziako Tximista sagardotegian harrera beroa egin diote bart Aramako pilotariari. Zabaletak eta biek ezin izan dute Elezkano II.a-Rezustaren aurkako binakako finalean (22-19), baina ingurukoek merezitako ongi etorria egin diote.
Klasiko bihurtuko den toki batean, Ordiziako Tximista sagardotegian, jaso du bart Iker Irribarria pilotari aramarrak senide, lagun eta zaleen babesa. Zabaletak eta biek ezin izan zuten binakako txapelketa irabazi –22-19 nagusitu zitzaizkien Elezkano II.a-Rezusta–, baina hala eta guztiz ere, txapelketa guztian zehar egindako lana eskertu nahi izan zioten, eta harekiko duten sentimendua adierazi. Aratz Igartzabal bertsolariak, esaterako, honela bukatu zuen bertsoa.”Gure txapeldun hi izango haiz, galdu ala irabazi”.
Aurkariek akats gutxiago egin dituztela, eta txapela “merezimendu osoz” irabazi dutela adierazi du Irribarriak. “Urte txarra pasata nentorren, eta niretzako inportanteena ez zen txapela, baizik eta kantxan berriz disfrutatzea”.