Gaztetxoen artean euskararen erabilera indartzeko udaleku irekiak antolatu ditu Beasaingo Udalak
2006-2010 urteetan jaiotako haurrei zuzenduta dago. Nafarroako Astitz-ko aterpean uztailaren 15etik 24ra izango da egonaldia eta Beasaingo Udalak Urtxintxa elkartearekin elkarlanean antolatu ditu udalekuak
Haur eta gaztetxoen artean “euskararen erabilera eta ezagutzan eragiteko” helburuz antolatu ditu Beasaingo Udalak uda honetarako Euskarazko Beasaingo udaleku irekiak. Urtxintxa eskolarekin elkarlanean antolatu da. Era horretan, “derrigorrezko hezkuntza formaletik kanpo, modu informalean aisialdirako udal eskaintza berri honek hizkuntzaren erabileran eragin nahi du”.
Beasaingo lehen udaleku irekiak uztailaren 15etik 24ra burutuko dira Astitzko aterpean (Nafarroa). 2006-2010 urteetan jaiotako haurrentzat zuzendua dago eta “izen ematearen hurrenkera errespetatuko bada ere, beasaindarrek lehentasuna izango dute”. Plaza kopurua 50 haurrentzat izango da.
Izena emateko epea apirilaren 29tik maiatzaren 10era egongo da irekita (biak barne), www.urtxintxa.eus webgunean. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero Beasaingo Udaleko 943 028063 telefonora deitu daiteke edota abarandiaran@beasain.eus helbidera idatzi.
Prezioak
- Seme-alaba bat: 150 euro.
- Bi seme-alaba: 255 euro.
- Familia ugarietan: seme-alaba bat, 120 euro; bi seme-alaba 225 euro eta hiru-seme-alaba 300 euro.