EAJ-ko Joseba Agirretxeak Irun-Brinkola aldiriko trenbidearen transferentzia eskatu du Beasainen
Espainiar Gobernuaren "jarrera pasiboa” kritikatu du EAJren Espainiako Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak, trenbideen transferentziei dagokienean.
Igandeko Espainiako Kongresuko hauteskundeetan Gipuzkoako EAJ hautagaia den Joseba Agirretxea Beasainen izan da gaur goizean, Maribel Vaquero, EAJko Senaturako hautagaiarekin eta beste hainbat kide jeltzalerekin batera. Agirretxearen esanetan, “EAJ ez bada, beste inor ez da mugitzen Madrilen” eta espainiar Gobernuaren “jarrera pasiboa tamalgarria da gureak diren eskuduntzen transferentziari” dagokionean: “EAE barrutik igarotzen diren aldiriko trenen eskuduntzaren transferentzia behingoz gauzatzea behar-beharrezkoa da, gure garraio sisteman integratu, zerbitzu osoago eta hobe bat eskaini dezagun euskal erakundeen eskuetan”.
Agirretxeak adierazi du EAJ “betidanik paper oso garrantzitsua jokatu” duela azpiegituren sustapenean: “Beharrezkoak dira garapen jasangarrirako, zuzen-zuzenean eragiten dutelako hazkunde ekonomikoan, enpresen lehiakortasunean, hiritar guztien bizi kalitatean eta lurraldearen egituraketan”.
EAJrentzat azpiegituren gaia eta horien transferentzia euskal erakundeen lehentasuna dela gogoratu du, “denborak erakutsi digulako Euskadin eta Euskaditik hobeto kudeatzen direla. Horregatik, eta beste behin, Gernikako Estatutua betetzeko exijitzen dugu”.
Agirretxeak salatu du Espainiako Gobernuak Errege Dekretu Legearen bidez aldiriko lineak interes orokorrekoak izendatu izanak, eskumenen transferentzia aukera guztiei ateak itxi nahi dizkiela. Era berean, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak aldebiko elkarrizketa proposatu zuela, espainiar gobernuaren “jarrera pasiboa” agerian geratuz. “Aspaldi” egindako erreklamazio horren harira, “zabalera metrikoko Feve-ren bi linearen eskuduntza Eusko Jaurlaritzak izatea lortu dugu, bada zerbait, baina inondik ere ez nahikoa”, defendatu du Agirretxeak.
Hautagaiak gogorarazi du Estatuko gobernua izan duten alderdiek, “beraien borondatez inoiz ez dutela aurrerapausorik eman euskal autogobernuan eragiten duten kontuetan eta herri honetatik erreklamatu diren gaiei bide emateko. Horregatik behar, eta nahi dugu Madrilen egon. Gurea dena eskatzeko eta autogobernuan sakontzen jarraitzeko, eta nor EAJbaino hobe horretarako?”, gehitu du hautagaiak.
Beasain-Ordiziako trenbide sarea
Hitzaldiarekin amaitzeko, Agirretxeak legealdi honetan EAJk Madrilen egindako “lorpen” bat azaldu nahi izan du: “Egungo trenbide sarea hirigunetik ateratzeko proiektua, Beasain eta Ordizia bitartean trenbide sarea eratzea dakarrena eta, ondorioz, erabilera urbanistikoa berreskuratu nahi da eremu horretan”. Agirretxeak esan du “aurrerapen nabarmena”dela bi udalerrientzat eta bertako bizilagunentzat, helburu duelako trenbide-sarea hirigune bihurtzea”. Azkenik, hautagai jeltzaleak gogorarazi du “EAJk, Eusko Jaurlaritzarekin batera, Madrilen Ministerioarekin, Renfe eta Adif-ekin koordinatuta egiten duela lan, baina baita Beasaingo eta Ordiziako Udalekin ere, hauek baitira azpiegituren eta instalazioen egoera, eta beraien beharrak, ondoen azaltzen dizkigutenak”.