Ezkiaga auzoak badu botikina
Igor Odriozolak ireki du Oria pasealekuko 2. zenbakian. Ohiko farmaziek ematen duten zerbitzua eskainiko du, baina ordutegi murritzagoan: goizean, 09:00etatik 13:00etara bitartean
Ezkiagako auzotarrek urteetan eskatu dute auzoan farmazia bat izatea. Beasaingo Udalak auzotarren eskaria bere gain hartu eta Eusko Jaurlaritzari Ezkiagan Botikina jartzeko eskaera egin zion. Jaurlaritzak onartu eta herriko farmaziek proiektuak aurkeztu ondoren, Kale Nagusiko 16. zenbakian farmazia duen Igor Odriozolak inauguratu zuen atzo Ezkiagako Botikina, Oria pasealekuko 2. zenbakian.
Farmazia batek ematen duen zerbitzua beteko du Botikinak, baina ordutegi murritzagoarekin: goizetan bakarrik egongo da irekita, 09:00etatik 13:00etara. Igor Odriozolaren esanetan, «auzo batek edo herri batek beste farmazia bat izateko baldintza guztiak betetzen ez dituenean, Eusko Jaurlaritzak onartzen du Botikina irekitzea. Botikinak esan nahi du, farmaziaren zerbitzu berdina emango duela, baina ordutegi mugatuarekin. Ordutegi horretan auzo horretako behar guztiak betetzen dira».
Adineko herritar ugari bizi da Ezkiagan eta zerbitzu berriaren gertutasunarekin, «egunerokoa asko erraztuko» zaiela uste du Odriozolak. «Gure Kale Nagusiko farmazian bezero asko Ezkiagakoak dira. Eta askok ezin dutenez etorri,mugikortasun arazoengatik, seme-alabak bidaltzen dituzte».
Ilusio handiz, eta urduritasun puntuarekin ekin dio Odriozolak proiektu berriari: «Saiatuko gara ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzen, eta auzoko beharrei erantzuten. Ezkiagan ere ikusten dugu ilusio handia dagoela. Ea zer moduz joaten den. Auzoari bizi gehiago ere emango dio Botikinak».
Inaugurazioa
Atzo, 19:30ean, inauguratu zuten Botikina eta auzotar ugari gerturatu zen bertara, zerbitzu berria ezagutzera eta mokadutxoa jatera.