Mutiloako plazako etxebizitza berriak erostegatik, diru laguntza
Eusko Jaurlaritzak 20.000 euroko laguntza emango dio erosleari. Lehenengo etxea izatea eta Mutiloan erroldatzea dira baldintzak. Hiru gelditzen dira saltzeko
Duela hamar bat urte hasi ziren Mutiloako plazaren eta pilotalekuaren artean sei etxebizitza eraikitzen. Kanpoko egitura eginda zegoela, eta ekonomia krisiak bete-betean harrapatuta, obra geldituta egon da oraintsu arte. Iñaki Ugalde alkatearen esanetan, Mutiloako Udalak «bide guztiak martxan jarri, arkitektuak 2018ko irailean proiektua egin, eta aurrera egin dugu. Udalak bazuen ahalmena erantzun ahal izateko eta horrekin batera, eskaera batzuk ere bazeuden».
Era horretan, sei etxebizitzak egiteko lanak aurrera doaz eta maiatz amaiera aldera bukatuta egotea aurreikusten dute. Dagoeneko hiru etxebizitza saldu dituzte, «eta galdezka ere badabil jendea». Ugaldek jakinarazi duenez, gainera, Mutiloako plazako etxebizitza erosten duenak Eusko Jaurlaritzaren 20.000 euroko diru laguntza jasoko du. «Lehenengo etxebizitza izatea eta herrian erroldatzea» dira bete beharreko baldintzak.
Bi eta hiru logelako etxeak dira, 120.000 eta 130.000 euro artekoak (garajearekin). Informazio gehiago Mutiloako udaletxean eskura daiteke, 08:00etatik 15:00etara: 943 80 04 50 – udala@mutiloa.eus.