«Amak erakutsi zigun bezala egiten dugu gazta»
Idiazabalgo Goiburu gaztandegiak jaso zuen atzo 2018ari dagokion erregulartasunaren saria, gaztandegien atalean. Abel Goiburu idiazabaldarrak eta Naroa Irigoien beasaindarrak 2012an hartu zuten gaztandegiaren erreleboa eta ardura; sei urtera iritsi da lehenengo saria. Domingo Goibururen semea da Abel.
2012an erreleboa hartu zenuten Naroak eta biok. Irakasle onak izan dituzuenaren seinale da saria.
Utzi egin behar zutela ikusten genuen eta jarraitzea erabaki genuen. Amak [Juana Irastorzak] erakutsi zigun gazta egiten, eta berak erakutsi bezala egiten dugu. Dena den, iaz ardiak saldu genituen eta Idiazabalgo Haritzeder baserritik erosten dugu esnea. Horregatik, gaztandegia gara.
Zer moduzko gazta izango da aurtengo gazta denboraldia?
Ondo doa. Azaroan hasi ginen gaztak egiten eta otsailean hasi ginen saltzen.
Erregulartasunaren sariak lagunduko du gaztaren salmentan eta lanean jarraitzeko indarra emango du.
Ondo etortzen da bai, doako publizitatea da azken batean.