«Sari edo aitortza hau ezustean etortzen da»
Hamar urtean hirugarren aldiz [2011, 2013 eta 2019] jaso du Joseba Insausti ordiziarraren Otatza gaztak erregulartasunaren saria, artzain-gaztagilearen atalean.
«Ezusteko» polita jaso duzu aurten ere.
Bai. Sari edo aitortza hau ezustean etortzen da. Ez da lehiaketa bat eta ez dugu gazta bat aurkezten. Jatorri Izendapenak egiten dizkigun kontrolen baitan ematen den aitortza da eta gogoratu ere ez naiz egiten. Dena den, saria baino gehiago, aitortza bat da: dastaketa horietan ondoen puntuatutako gazta izan dela 2018an eta listo.
Ekitaldian ebakiko duten gazta zeurea izango da. Hori ere ohore bat izango da.
Ohorea eta ardura ere bai.
Hamar urtean hirugarren aldiz jaso duzu erregulartasunaren saria.
Erregulartasun horrek ardura pixka bat ematen du. Izan ere, Idiazabal Gazta zerbait ez bada, erregularra da. Azkenean, esne gordinarekin egiten den gazta bat da. Horrek esan nahi du, bizirik dagoen esnea dela, esnearen berezko bakteria guztiak bizirik daude, onak eta txarrak. Orduan, eguraldiak izugarri eragiten du, ardiaren lasaitasunak, estresak… Esnea kontrolaezina da. Etxe guztietan erregulartasun baten barruan oso bariedade handia daukagu gaztetan, bizirik dagoelako.
Madrilgo Gourmet azokako Espainiako gazten lehiaketan 3. saria jaso berria duzu, baserriko gazten mailan. Emankorra izaten ari da 2019a.
Nik uste dut boladak direla. Etortzen direnean gustura hartzen dira. Dena den, nik niregatik oso lehiaketa gutxitan parte hartuko nuke, baina nire aitari ikaragarri gustatzen zaio. Inguruko lehiaketa gehientsuenetan parte hartzen dugu eta tartean-tartean irabazi egiten da. Denok egiten dugu oso antzeko gazta eta denok egiten dugu saritzeko moduko gazta.
Negua joan da…
Guretzat oraindik ez da joan, ni oraindik neguan nago. Nire negua ardiak antzututakoan bukatzen da.
Noiz igoko zara mendira?
Gora begira gaude, eta maiatzaren hasieran igo nahiko nuke. Eguraldiaren baitan dago, eta beheko etxeko lanak eginda utzi behar ditut. Dena prestatu bezain laster joango naiz.
Egun hori iristeko irrikan egongo zara…
Bereziki ardiak, oso gaizto jarrita daude. Beti berdina esaten dut, baina gaur [atzo] ere jasanezinak zeuden. Ordua aldatu diet ekitaldira etorri ahal izateko eta ordutegia aldatzearekin kasketekin jarri dira. Urte garai honetako kontua izaten da. Lehengo astean hasi ziren, hego haize pare bat egin zituen eta aztoratu ziren erabat. Esnean ere beheraka handia izan da eta harrezkero ez dira errekuperatzen. Nire ardiak horrelakoak dira. Orduan, ni ere gora joateko gogoarekin nago, ea ardiak lasaitzen diren.