Juan Fernando Callek irabazi du Lazkaoko txirrindulari lasterketa
Caja Rural taldeko Juan Fernando Callek, Lizarteko Ivan Morenok eta Gomer Cantabriako Angel Fuentesek osatu dute afizionatu mailako lasterketaren podiuma. Mikel Mujika legazpiarra bosgarrena izan da eta Mikel Paredes lazkaotarrak Euskaldun Txapelketaren lidergoari eutsi dio.
Elite eta 23 urtez azpiko mailetako Lazkaoko 76. Txirrindulari Probaren palmaresak izen berri bat du gaur eguerditik, Juan Fernando Callerena. Caja Rural taldeko txirrindulari kolonbiarrak irabazi du proba, Euskaldun Txapelketaren bosgarrena. Helmugan Lizarte taldeko Ivan Moreno eta Gomer Cantabria taldeko Angel Fuentes sartu dira Calleren atzetik. Bosgarren postuan Mikel Mujika legazpiarra sailkatu da, Eibar Energia taldekoa, sprinteko lehian atzean geratuta.
Lehen txirrindulariak 12:50 aldera iritsi dira Lazkaoko erdigunean kokatuta zegoen helmugara 124 kilometro egin eta gero. Antolatzaileek berehala ekin diote sari banaketari herriko plazan, udaletxe aurrean. Hirukoaz gain, sariak jaso dituzte baita ere Eulen taldeko Aritz Kortabarriak –mendikoa–, Lazkao bertako Mikel Paredesek eta Aritz Urrak –Laboral Kutxa taldekoak– eta Lizarte talde osoak. Mikel Paredesek sari bikoitza jaso du, Euskaldun Txapelketaren lidergoan jarraitzen baitu jaioterrian lehiatu eta gero.
Lazkao Kirol Elkarteak eta Esparru elkarteak antolatutako lasterketa honetan datorren asteazkenean, maiatzak 1, Legazpin jokatuko den Santikutz Klasikan lehiatuko diren txirrindulari askok parte hartu dute. Legazpiko lasterketa afizionatu mailako Espainiako Koparako puntuagarria da.
Txirrinduzaleek beste hitzordu bat dute Lazkaon maiatzaren 4an, larunbata; 16:00etatik aurrera, Lazkaomendiko lasterketa jokatuko da, jubenil mailakoa.