Lazkao mozorrotuen menpe dago gaur
San Prudentzio jaiak bete-betean dira Lazkaon eta gaur mozorroek hartu dituzte kaleak. Atzo Goierri Gorrik pregoia irakurri ondoren hasitako festek ez dute etenik eta datorren asteazkenera arte luzatuko dira. Lazkaomendikoak etorriko dira gero, hurrengo asteburuan.
Goierri Gorri futbol elkarteko ordezkariek botatako suziriarekin hasi ziren atzo San Prudentzio jaiak Lazkaon giro ederrean. Jaietako bigarren eguna dute gaur, eta ohiturari jarraituz, mozorroek hartu dituzte kaleak eguerditik aurrera. Beti bezala, umorea, irudimena, ondo pasatzeko gogoa eta festarako grina elkartu dira kuadrilla eta familia giroan ospatzen den egun honetan, eta eguraldia ere lagun izan dute (argazki galeria ikusgai beherago).
Aurtengo San Prudentzio jaiek ez dute etenik izango eta hurrengo asteazkenera arte luzatuko dira. Gero Lazkaomendiko jaiak etorriko dira, maiatzaren 3tik 5era.