Txorien kantuak ikasgai Zegaman
Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatuta, gure inguruko txoriak eta horien kantuak ezagutzeko ibilaldia egin dute gaur Zegaman, Anduetzatik abiatuta. Datorren larunbatean beste bat egingo dute Ataungo Barandiaran Museotik irtenda.
Belarriak adi-adi eta prismatikoak eskuetan, 20 bat laguneko taldeak ibilaldi didaktikoa egin du gaur goizean Zegamako Anduetza parketxearen inguruan txoriak ezagutzeko eta haien kantuak entzuteko. Eneko Azkue buru zutela, Arkamurka Natur Taldeko kideak izan dituzte gidari.
Jarduera 30 minutuko aurkezpen batekin hasi da, Anduetza etxearen barruan, txorien argazkiak pantaila
handian ikusiz eta haien kantuak entzunez. Aurretik, azalpen gutxi batzuk eman dituzte: txori arrek kantatzen dute bakarrik, haien eremua mugatzeko, beste arrak uxatxeko eta emeak erakartzeko. Gero, inguru honetan gehien ikusten eta entzuten diren txoriak aurkeztu dituzte, besteak beste kukua, zapelaitza, txantxangorria, okila, birigarroa, zozoa, txepetxa, amilotxa eta eskinasoa, bakoitzaren kantuekin lagunduta.
Kanpora irten dute ondoren eta Anduetza ingurutik ibilaldi txiki bat egin dute entzuten zituzten kantuak identifikatzeko eta txoriak ikusteko.
Ataunen maiatzaren 4an
Ibilaldi didaktiko hau larunbatean, maiatzak 4, errepikatuko dute Ataungo Barandiaran Museoan, 10:00etan hasita. Izenak emateko epea irekita dago eta horretarako Aralarko Parketxera deitu daiteke 943 18 03 35 edo 688 895 069 telefono zenbakietara, edo barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net posta elektronikora idatzi.
Prezioa 5 eurokoa da pertsonako.