Floren Gutierrezek legazpiarren txalo zaparrada jaso du
Olaria Saria jaso du gaur, Santikutz egunean. Olagizonez mozorrotuta jaso du saria Legazpiko arima ugari mozorroen bidez jaso, gogoratu eta transmititzen baititu Gutierrezek
Aurtengoan ere Azokan egin behar izan dituzte Santikutz eguneko ospakizun garrantzitsuenak. Aitzitik, legazpiar asko bildu dira bertara ezpata dantza eta Olaria sariaren banaketa ikusteko. Hunkigarria izan da Legazpiko herriak gaurkoan Floren Gutierrezi egin dion aitortza. Gutierrezek ez du soilik Olaria saria jaso, legazpiarren txalo zaparrada eta maitasuna ere jaso ditu.
Eguerdiko kanpaikadak jo gabe zeudenean abiatu dira udaletxeko arkupeetatik Sustraiak dantza taldeko ezpata dantzariak aurrean Goiz Deiako txistulariak zituztela. Atzetik Floren Gutierreze eta udalbatzako kideak zihoazen. Azokan elkartu dira denak eta poliki-poliki legazpiar andana ere.
Ezpata dantza egin dute dantzariek. Aurtengoan Eneko Solana izan da ezpatak eskuetan kideek sortutako arrosara igo eta handik goitik dantza egin duena. Ondoren aurreskua dantzatu diote Gutierrezi etxekoek eta Koldobike Olabide alkateak hitz hartu du sariaren gaineko azalpenak emateko. Hamahiru hautagaitza aurkeztu zirela esan du eta guztien artean Gutierrezena gailendu zela, besteak beste, herri danborrada berreskuratzeko egin duen lan guztiari egin dio alkateak azpimarra.
Floren Gutierrez, hitza hartu aurretik, desagertu egin da une batez atrilean olagizon jantzita agertzeko. Legazpiko iraganeko pertsonaia askoren rolak jokatu ditu inauterietan eta haren bitartez ezagutu dituzte gazteek koltxoi eta karamelo saltzaileak, apaiza eta beste egiazko pertsonaia asko. Gehiago ere bada Legazpin: herri danborradaren sustatzailea, Domingo Agirreko Santo Tomas azokako laguntzailea, erlezaina… Eragilea da. Harrotasunez beteta jaso du saria,
“legazpiarra naizelako harro nago eta gure herriari zori ona opa diot txarretik egunero badaukagulako nahikoa. Ni bezalako jende asko dago, boluntarioak, musu truk lan egiten dutenak, gogora ekarri nahi ditut gure herriko elkarteetan lanean ari diren pertsona guztiak eta legazpiarrak animatu nahi ditut udalerriaren egunerokoan parte hartu dezaten. Nik nire zaharrengandik jaso nituen laguntzeko grina, auzolanaren zentzua eta laguntasunarena. Gure aitonak zioen bezala, aurkitzea baino galtzea merezi duen jendea dago, nik aurkitzea merezi duen jendearekin topo egin dut batez ere, zortetsua naiz beraz”.
Ezpelur gaita jotzaileek lekukoa hartu diote Gutierrezi eta ondoren Sustraiak dantza taldeko kideek soka dantza egin dute. Igandean larrain dantza egingo dute.