Bareak elkarteak kanpaina berria aurkeztu du: 'Eskerrik asko Beasain aukeratzeagatik'
Maiatzaren 6tik 18ra bitartean 100 euroko 10 erosketa txeke zozkatuko dituzte.
Beasaingo Bareak merkatari elkarteak Ni naiz Beasain 2019 sentsibilizazio kanpaina hasi du gaur, Eskerrik asko Beasain aukeratzegatik goiburupean. “Bezeroei Beasaingo dendetan egiten dituzten erosketak” eskertzea du helburua.
Bareak elkartearen esanetan, “egunero egiten ditugu erosketak eta askotan ez gara jabetzen gure erabakiek gizartean dituzten eraginaz. Beasaingo denda batean erosten duzunean bertako ekonomia sustatzen duzu. Honetaz gain, kale seguruak, garbiak eta biziak mantentzen laguntzen ari zara”. Era horretan, galdera bat luzatu die bezeroei: “Jakin nahi duzu zer gehiago lortzen duzun merkataritza-gune batean edo interneten erosi ordez Beasaingo denda batean erostea erabakitzen duzunean?”. Erantzuna ere badu: “Gure dendetan kontatuko dizugu! Maiatzaren 6tik 18ra bitartean egiten dituzun erosketekin flyer bat emango dizugu, eta bertan azalduko dizugu zure erosketak zer eragina duen Beasainen”.
Flyer horien bitartez 100€-ko 10 erosketa txekeen zozketan sartuko dira erosleak. Udaletxeko harrera bulegoan, i-gunean dagoen kutxan utzi behar dira orriak.