Goierriko I. Patata Tortilla desafioa egingo dute Zerainen
Herriko patata tortillaren hamargarren urteurrena ospatzeko, goierritarrak gonbidatu nahi dituzte maiatzaren 17an Zerainera. Hilaren 15a izena emateko azken eguna.
Zeraingo Udaberri Kulturala berrikuntzekin dator aurten. Azkeneko egunean egiten den patata tortilla lehiaketa, Goierri mailako desafio bilakatu dute, hamargarren urteurrena ospatzeko. Maiatzaren 17an jokatuko da, 19:00etan, pilotalekuan. Orain arte herritarrei zuzendutako lehiaketa izan bada ere, aurten, Goierriko herriak gonbidatu nahi izan dituzte. Honela, gutxienez bi lagunek eta gehienez lau lagunek osatuko dituzte taldeak. Maiatzaren 15era eman behar da izena zerain.herribizitza@gmail.com posta elektronikora mezua bidalita. Izena ematerakoan herria, izen-abizenak, harremanetarako telefono zenbakia eta adin tartea zehaztu behar dira. Izen ematea doakoa da: beharrezko lehengaiak antolakuntzak jarriko ditu, baina sukalderako materiala norberak ekarri beharko du.
Hasteko, hilaren 8an antzerkia
Maiatzaren 17aren aurretik dena den, izango da zertaz gozatua. Tolosako Tik Tak antzerki taldearen Evaren alabak antzezlanarekin hasiko da asteazkenean, 20:00etan, Udaberri kulturala. Emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko obra da kultur etxean aurkeztuko dutena. Bestalde, ostegunean, Maitane Salsamendi zeraindar ikerlariak Gaurko ikerkuntza biharko gizartea eraikitzeko hitzaldia egingo du, 19:00etan, kultur etxean.
San Ixidro bazkaria
Igandean, berriz, San Ixidro eguneko bazkaria egingo dute eliza atarian. Mendarteko mahastiko zotzak sutarako erabiliz, herriko artzainen arkumeak eta Lumagorri oilaskoen hegalak jango dituzte bertaratzen direnek. Haurrentzat eta jateko ohitura desberdina dutenentzat beste menu bat ere izango da aukeran. Txartelak 12 euroan daude salgai Ostatu tabernan –12 urtetik beherako haurrentzat dohainik da–. Hilaren 10a da txartela erosteko azkeneko eguna.