Beasaingo PSE-EEk hautagai taldea aurkeztu du, Eva Alvarez buru dela
Taldea "fidagarria eta konprometitua" dela nabarmendu du Alvarez alkategaiak, "guztiok nahi dugun Beasain lortzeko proaktiboki gogor lan egingo" duena, eta sozialista beteranoak ondoan izango dituena.
Jose Ignacio Asensio ondoan zuela, Eva Alvarez Beasaingo PSE-EEren alkategaiak, datozen udal hauteskundeetarako hautagai taldea aurkeztu zuen atzo udaletxeko batzar aretoan. Alvarezekin batera, ondorengo lagunek osatzen dute sozialisten zerrenda: Angel Redondo Fernandez, Najat Ibiki Jana, Emilio Francisco Lumbreras Malpartida, Agustina Medina Jimena, Imanol Segade Apalategui, Maria Carmen Barradas Pintor, Hector Callado Del Hoyo, Maria Victoria Alvarez Atanes, Antonio Gutierrez Martinez, Isabel Alvarez Isidro, Koldo Gutierrez Boada, Ana Jesus Auzmendi Caballero, Luis Alvarez Fraga, Ainara Merino Holguera, Saladina Atanes Alvarez eta Fernando Boada Gonzalez.
Taldea “fidagarria eta konprometitua” dela nabarmendu zuen Alvarezek, “guztiok nahi dugun Beasain lortzeko proaktiboki gogor lan egingo” duena, eta sozialista beteranoak ondoan izango dituena. “Gure lehentasuna Beasainen bizi diren pertsonak dira eta espero dugu beasaindarren botoarekin euren ongizatea, etorkizuna eta elkarbizitzaren alde lan egitea, Beasainek behar dituen proiektuak udaletxean ordezkatuz, ahotsa emanez eta denak entzunez”.
Hauteskunde programa
Ekitaldi berean, hauteskunde programarako oinarriak ere aurkeztu zituen Alvarezek. “Talde osoak elkarlanean osatutako lana da eta proposamenak herritarren beharrei erantzuteko eta gure herria hobetzeko zuzenduta daude”.
Proposamenen artean, kalitatezko enplegua, eta herriko eta eskualdeko enplegu planen bidez lan munduratzea bultzatzea daude: “Horren barruan lan munduratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonentzako programa zehatzak jarri nahi ditugu”.
Hirigintzari lotutako proposamenetan, Beasain Institutura bideko eskailera konpontzea, Ezkiagako eguneko zentrora irisgarritasuna hobetzea eta oinezkoen guneak lehenestea daude. Horiekin batera, “garraio publikoaren erabileraren alde apustu egiten dugu, garraio bide jasangarriagoarekin edo ibilgailuaren erabilera jasangarriagoa eginez”.
Ongizateari begira, menpeko diren pertsonak zaintzeko familiartekoen formazioa eta orientazioa bultzatu nahi dituzte. Etxez Etxeko laguntza zerbitzua hobetzea, familia eskuhartzea eta adineko pertsonei zuzendutako ekintzak lantzea ere proposatu dituzte.
Etxebizitzarekin lotuta, diru laguntzen bidez, gazteentzako eta guraso bakarreko familientzat alokairuzko etxebizitzak sortzeko neurriak bultzatu nahi ditu alderdi sozialistak.