Saskibaloiko erdi eta goi mailako titulazioa Beasainen eskura daiteke
BKL taldearen, udalaren eta Kirolene ikastetxe publikoaren arteko elkarlanetik sortu da aukera. Gaur ireki dute izena emateko epea. Hiru urteko eskaintza da
Beasaingo BKL saskibaloi taldeak aurrerapausoa emango du entrenatzaileen prestakuntzari eta formazioari dagokienean. Kirolenerekin (Kirol Irakaskuntzen ikastetxe publikoa) eta udalarekin elkarlanean, Beasainen bertan egongo da saskibaloiko goi mailako kirol teknikoaren titulazioa eskuratzeko aukera. Irekia da eskaintza.
BKL-ko lehendakaria den Joxe Mari Arrospideren esanetan, «entrenatzaile asko ditugu klub barruan, baina indartu egin nahi genuen atal hori. Horretarako, titulu ofiziala eskuratzeko formakuntza Beasainen bertan antolatzeko aukera daukagu. Udalari ere eskerrak eman nahi dizkiogu egin duen ekarpen ekonomikoagatik». Era berean, Elena Ruiz zinegotziak BKLri eman dizkio eskerrak, «formakuntza hori herritar guztientzat interesgarria» izango delako.
BKL-ko Gorka Nuñezek aurreratu duenez, orain arte sei-zazpi astean egin dituzten formazio saioekin batera, titulazio ofiziala eskuratzeko aukera izango dute: «Erdi eta goi mailako saskibaloiko kirol teknikoko ikasketak Beasainera ekartzea lortu dugu eta hiru urtean 14-15 entrenatzaile beasaindar aterako dira goi mailako saskibaloi titulazioarekin». BKL-koek udalaren diru laguntzari esker, beka bidez dohainik ikasteko aukera izango dute.
Euskaraz emango dituzte eskolak eta Beasaingo saskibaloi irakasleez gain, ingurukoek ere ateak irekita izango dituzte.
Kiroleneko Iñaki Camareroren arabera, hiru urteko proiektua da: lurralde mailan entrenatzaile izateko aukera izatetik, Espainia mailan entrenatzerai- noko formazioa jasoko dute.