Aralar «jasangarri» kudeatzeko 18 proposamen egin ditu Landarlanek
Egitura administratiboa, eta basoen nahiz larreen kudeaketa hobetzeko, eta ingurumen zaintzarako ideiak eman ditu. Erakundeei eta alderdiei bidali die 14 orrialdeko txostena
Ezohiko agertokian, Aralarko parke naturaleko Errekabeltzeko langan (Ataun) aurkeztu zituen herenegun Landarlan ingurumen elkarteak entitatea «modu jasangarrian kudeatzeko» proposamenak. Parke naturalaren Gipuzkoako bi sarbide ofizialetako bat da Errekabeltz, eta talde ekologistak egin duen eskakizun jakin bat irudikatzeko ere baliatu dute: Aralar parke naturalerako sarbideak itxita egon daitezela, baimenduek soilik irekitzeko moduan.
Izan ere, Errekabeltzeko langa katerik eta giltzarraporik gabe «urte askoan» dagoela salatu du Landarlanek, Mankomunitateko lurretara ibilgailuz «edozein» sartzeko eran. Pasoa debekatuta dagoela adierazten duen zutikako seinalea badago, beste zehaztapenik edo kontrolik gabe.
Hala, 18 proposamen luzatu ditu Landarlanek, lau multzotan bereizita: Aralarko egitura administratiboa hobetzeko edo aldatzeko iradokizunak; basoak kudeatzeko proposamenak; larreen kudeaketarakoak. Eta ingu- rumena zaintzeko jarduera zehatz bat: urtean behin, Aralarko koba edo leize bat garbitzeko eskaria, «hondakindegi» bezala erabiltzen baitira hainbat.
Txosten batean bilduak
Ingurumen taldeak 14 orrialdeko txosten bat prestatu du, eta aste honetan zabalduko dute sare sozialetan publikoki. Aspalditik salatzen ari den ustezko lege urratzeak bukatzeko, eta «kudeaketa jasangarri baterako» proposamenak egin dituzte.
«Aralar parke naturaleko erabiltzaile guztientzat zentzuzkoa eta legezkoa den kudeaketa jasangarrirako proposamen eraikitzailea da. Proposamenak egingarriak, ekonomikoki bideragarriak, zentzuzkoak —parke natural batean gaude—, eta gatazka soziala konpontzeko beharrezkoak dira», iritzi diote Landarlaneko kideek Errekabeltzen.
Erakunde publikoei (jaurlaritza, diputazioa eta Mankomunitatea) iritsaraziko die txostena, baita alderdi politikoei ere. Txosteneko proposamen bakoitza «legez edo azterketen bidez justifikaturik» dagoela aurreratu du Landarlanek.