Beasaingo EAJ-k "gertutatsunean, gardentasunean, kudeaketa eraginkorrean eta partaidetzan" oinarrituta lan egin nahi du
Igunea astean behin arratsaldez ere irekitzea aztertzen ari da, eta Ordiziarekin elkarlanean, Udaltzaingoaren zerbitzua 365 egunetan eskaintzea. Hirigintza arloan Ezkiagan eta burdinbide gunean jarriko dute arreta berezia.
Beasaingo EAJ-k datozen lau urteetarako bost ardatz dituen programa aurkezten jarraitzen du, atalez atal. Gobernu Onari eta Higirintzari dagozkionak zehaztasunez azaldu ditu aste honetan Aitor Aldasoro alkategaiak, hainbat eta hainbat jeltzalez lagunduta. EAJko alkategaiak nabarmendu duenez, “gertutatsunean, gardentasunean, kudeaketa eraginkorrean eta partaidetzan” oinarrituko dute beraien lana.
Gobernu Ona
Aldasororen esanetan, “egitera goazena bezain garrantzitsua da hori nola egingo dugun adieraztea”. Horregatik, “beste behin gure jarduna eta kudeaketa gobernu onean oinarritzeko konpromisoa hartzen dugu, gertutasunetik, gardentasun osoz, zintzotasunez, zorroztasunez eta eraginkortasunez lan egiteko”. Honela, “beasaindarrekin elkarlanean lane egiten jarraituko” duela nabarmendu du, “partaidetzari espazio handiagoa emanez”.
Besteak beste, Haurren Hiria proiektua abiaraziko dute, “gazteen partaidetza, inplikazioa eta erabakimena udalgintzan indartzeko batetik, eta herria beren iritzi eta beharrak kontuan hartuz eraikitzeko bestetik”. Bestalde, parte hartzea sustatzeko “hau arautu eta sistematizatuko” dutela aurreratu du, eta “parte hartze digitala sustatzeko bide berriak aztertuko” dituztela.
Horrekin batera, administrazioak garai berrietara egokitzeko asmoa du, “herritarrei erraztasunak eman eta beren beharrei erantzuteko”. Honela, telematikoki egin daitezkeen tramiteak areagotzeaz gain, iGunea astean behin arratsaldez zabaltzeko aukera ere aztertuko dute.
Proiektu berriei dagokionean, IAT eta NAN bulegoa Beasainen bertan jartzeko lanean jarraituko duela dio Aldasorok.
Azkenik, udaltzaingoaren zerbitzua zabaltzea eta hobetzea jarri du erronkatzat: “Ordiziako Udaltzaingoarekin elkarlanean proiektu berria abiaraziko da zerbitzua urteko 365 egunetan eskaintzeko. Jada hasiak gaude proiektua lantzen eta beraz, datorren legealdi hasieran martxan jartzeko bidean izango gara”.
Herri atsegina, zaindua, jasangarria
Hirigintzari, ingurumenari eta jasangarritasunari lotutako proiektuei dagokionean, “pertsonak hirigintza proiektuek erdigunean jarriko” dituztela gogoratu du Aldasorok. Ezkiagako eremuan eta burdinbide gunean arreta berezia jarriko dute. “Duela 4 urte Ezkiagako uholdegarritasun arriskuari irtenbidea emateko eta burdinbide gunea eskuratzeko konpromisoa hartu genuen; legealdi honetan hainbat bilera egin ditugu Adifekin eta gure ordezkariek Madrilen egindako lanari esker Gobernu Zentrala azterketa lan bat egiten ari da. Beraz, pausoak eman ditugu eta datozen urteetan lanean jarraituko dugu burdinbide gunea eksuratzeko, ondoren herritarrekin elkarlanean erabakiko dugu espazio horri zein erabilera eman”.
Ezkiagan, CAFeko sarrera nagusia dagoen inguruak, “eraldaketa izugarria” izango du datozen urteetan. “Lehendabizi uholdegarritasun arriskuari konponbidea emango zaio, ibaiaren ibilgua zabalduz eta eraisketa lanen ondotik, eremu osoa berrurbanizatuko da”. Errepidean bi noranzkoak berreskuratu eta espaloiak zabalduko dituzte, bidegorria mantenduta.
Ezkiagaren biziberritzearen barruan, Olaran eraikinak ere lekua izango du, “Olaran eraikina egokitzeko urratsak egiten jarraituko dugu eraikinari zein erabilera eman aztertzeko eta legealdi honetan martxan jarritako tokiko produktuen azoka ere indartuko dugu datorren legealdian”.
Gainerako erronken artean, Dolarea parkea berritzea, Gernika pasealekuan aparkaleku gehiago eraikitzea, Oriamendi kalea txukuntzea, San Inazio kalea berritzea eta kiroldegiaren alboan, biribibilgune berria eraikitzea dituzte jeltzaleek.