Emakumezkoa alkate
EH Bildu, EAJ eta PSE-EE alderdiek emakumezko bana aurkeztu dute Segurako alkate izateko hautagai: Izarra Urdalleta, Karmele Arruabarrena eta Susana Corcuera
Emakumezkoa izango da datozen urteetako alkatea Seguran, hiru hautagaitzetan emakumezkoa baita alkategaia: EH Bilduko Izarra Urdalleta Iraola, EAJko Karmele Arruabarrena Esnaola edo PSE-EEko Susana Corcuera Leunda.
EH Bilduk «aurpegi eta indar berriz osatutako taldea» osatu eta aurkeztu du Izarra Urdalleta buru dela; Ekhi Albizu, Iosune Telleria, Egoitz Apaolaza, Ana Jose Zeberio, Josu Agirre, Eñaut Arretxe, Idoia Lopotegi eta Unai Gabirondo izango ditu ondoan. Urdalletak azpimarratu duenez, «ilusioa, konpromisoa eta gaitasuna dira gure dohain nagusiak». Herritarrekin «harreman zuzen eta irekia» bermatuz lan egitea da Urdalletaren «erronka pertsonal» nagusienetako bat, «behetik gora, herritarrak ardatz hartuta lan eginez».
Datozen lau urteetarako proiektuen artean, gazteekin elkarlanean aritzeko proiektua daukate: «Aurrekontuetan diru partida bat jarriko dugu beraiekin adostuz zertara bideratu». Parekidetasuna lortzeko bidean, II. Plana garatzeko asmoa dute.
Horrekin batera, martxan dauden proiektuak garatu (estalpea eta komun publikoa non eta nolakoak egin erabaki), herriaren antolaketa orokorrerako plana berritu, kultur etxea herriko kultur eskaintzari erantzuteko prestatu, musika eskola beheko eskolan kokatu, trafiko arazoei aurre egiteko autobusaren ibilbidea Kalegoenetik bideratu, eta eskolako, adinekoen egoitzetako eta aterpetxeko jangelak herrian ekoitzitako produktuekin hornitzea dira asmo nagusiak.
EAJk «eskarmentua eta etorkizuna» uztartu dituen taldea osatu du Karmele Arruabarrena alkategai dela; Jose Mari Muñoa, Kruz Alberto Rekondo, Xabier Olarizegi, Erik Carro, Ander Egaña, Pello Agirrezabal, Margarita Martin eta Manuel Errezola izango ditu lagun. Arruabarrenaren esanetan, «nagusiek beren esperientzia eskainiko digute, horietako batzuk urtetan gure erakundeetan lanean arituak dira eta; gazteek, berriz, ilusioa eta formakuntza, ideia berriak, etorkizuneko Seguraren ikuspegia». Berriz ere «ilusioz» aurkeztu da Arruabarrena, «uste baitut Segurak aldaketa behar duela, ekinaren ekinez helburuak lortzen direla, ez nireak, herritarrenak baizik».
Proiektu nagusiei dagokienean, zaborren arazoa konpontzearekin batera, herri barruko trafikoa murrizteko hartutako neurriak aldatzea (kamerarik gabe) dute helburu. Horrekin batera, autobusen ibilbidea Zerkaldetik bideratzea ere bai, aparkalekuan egin behar diren obrak eginda. Komunak jarri, kaleak konpondu eta Antonkaleko plaza berritzeko asmoa ere badute Segurako jeltzaleek.
Bestalde, adineko pertsonei arreta berezia eskaini nahi diete: «Jubilatuen eguna antolatzerakoan, beraien esanetara jarriko gara». Azkenik, etxebizitza beharrei buruzko ikerketa egingo dute, alokairuari lehentasuna emanez.