Kanpainak bisita egin dio azokari
Informazio orriak, goxokiak, globoak edo larrosak banatuz, Ordiziako Udalerako hautagiek asteazkeneroko azoka baliatu dute hautagaitzen berri eta programak herritarrei helarazteko.
Hauteskunde kanpaina guztien hitzordu kuttuna izaten da Ordiziako azoka. Atzokoa ez zen salbuespena izan, eta feriaren inguruan bildutako jendetza eta eguraldi bikaina baliatuz, Ordiziako Udalerako zein Gipuzkoako Batzar Orokorretarako hautagaiak bertan elkartu ziren, herriko erdigunean postuak jarri eta herritarren artean hautes programak eta opari txikiak banatzeko. EAJ, EH Bildu eta PSE-EE elkartu ziren atzoko feriaren inguruan.
Herritarrengandik hurbil
Ordiziako Udalerako EAJko hautagaitzak udaletxe aurrealdea eta feriagunea bera aukeratu zuen, Joseba Aranburu eta Arantxa Fernandez egungo zinegotziak eta datozen lau urteetarako hautagaiak buru zituztela. Programaren ildo nagusia jasotzen duen eskuorria banatzen jardun zuten, goxoki, puxika eta besterekin batera.
EH Bilduko ordezkariak, berriz, Olano tabernaren aurreko gunea aukeratu zuten postua jartzeko, Adur Ezenarro alkategaia bertan zela. Ainhoa Jimenez, Inma Cortiñas eta Jon Ander Caballero hautagaiak ere berarekin batera ibili ziren he- rritarrei eskuorriak eta informazioa banatzen.
Oso gertu zegoen PSE-EEren postua. Haren babesean, Iñaki Dubreuil alkategaia, Batzar Nagusietarako hautagai Arritxu Marañon eta Rafaela Romero parlamentaria, besteak beste, klasikoa bihurtu den arrosa gorrien banaketa egiten aritu ziren Kale Nagusiaren amaieran.