Erreginaren Kopa Beasainera iritsi da, Realeko jokalarien eskutik
Udaletxean harrera egin diote, eta realzaleez betetako plazan, jarraitzaileekin batera ospatu dute garaipena.
Realak koparen bat irabazten duen bezala, gaur, Gipuzkoan barrena dabil Realeko neskek irabazitako kopa. 13:00etarako iragarrita zegoen Beasainera iristea, eta ordu laurden bat beranduago iritsi da, realzalez betetako Loinazko San Martin plazara. Realeko neskak udaletxeko batzar aretora joan dira lehenengo eta Aitor Aldasoro alkateak (EAJ), eta Aitor Larburu (EH Bildu) eta Angel Redondo (PSE-EE) zinegotziek harrera egin diete.
Aldasorok guztien izenean hitz egin du, eta Beasainera kopa ekartzea ohore handia dela nabarmendu du –nahiz eta Ane Etxezarreta ez den izan gaurko ekitaldian– eta eskerrik asko eman die. Aldi berean, Goierrin Goierri Gorriren proiektuak duen garrantzia azpimarratu du.
Alkateak oroigarria eman die Realeko jokalariei, Beasainen hain esanguratsua den 6 zenbakiari erreferentzia eginaz; Beasaingo jokalaria izan zen Irantzu Aizpurua, eta Ane Etxezarretak ere 6 zenbakia darama bizkarrean. Realeko jokalariek ere, Erregina Kopa irabazi zuteneko argazkiarekin osatutako oroigarria utzi dute udaletxean. Udaletxeko, Goierri Gorriko eta Beasain Kirol Elkarteko ordezkariekin batera, familia argazkia atera dute amaieran.
Balkoian
Jarraian, herritarrekin ospatu nahi izan dute Realeko neskek larunbatean Granadan lortutako garaipena, Koparekin batera, udaletxeko balkoira aterata, eta Realaren aldeko kantuekin eta oihuekin. Tartean, ‘Nahikari gera zaitez’ oihukatu dute realzaleek.
Udaletxetik atera eta autobuserako bidean, jarraitzaileei autografoak sinatu eta argazkiak atera dituzte.
Behin autobusean sartuta, eta herriko kaleetan bozina joaz abiatu da autobusa Tolosa aldera.