Kirolean ere euskaraz
Beasaingo bi futbol zelaietan eta Antzizar Kiroldegian euskararen erabilera bultatzeko errotulazio berezia jarri dute. Entrenamenduen formazioa euskaraz eskaini dute
Euskararen presentzia eta erabilera sustatzen jarraitzeko, Loinatz eta Igartza futbol zelaietan eta Antzizar Kiroldegian euskararen aldeko leloak jarri dituzte Beasain Kirol Elkarteak eta BKL saskibaloi taldeak.
Kirolaren baloreekin eta euskararen sustapenarekin lotura duten errotulazioak jarri dituzte, udalarekin eta Eusportekin elkarlanean, Euskara oinarritik programaren barruan. Kirolaren bizitza balioen, ohitura osasungarrien eta kirolaren giza abilezien gaiak aipatzearekin batera, Kirolean ere euskaraz gozatzen dugu eta Kirolean euskaraz jokatu, pentsatu eta ekin esaldiak idatzi dituzte.
Rol jokoa eta titulazioak
Bestalde, denboraldia bukatu bitartean eta udako kirol kanpusetan, hizkuntza ohituren aldaketarekin zer ikusia duen jolasa jarriko dute abian. Euskaraz hitz egiteko prest eta Euskara entzuteko prest izeneko rol jolasa egingo dute, kirolariek eta entrenatzaileek tatoo bereziak erabiliko dituzte. Lelo bakoitzerako kolore desberdina erabiliko dute, beso edo hanketan ikusgarri egongo dena. Talde bakoitzean arduradun bat izendatuko dute bere taldekideei zigilua jartzeko. Kanpaina bukatzean euskararen erabilera neurtuko da berriz.
Eusporteko Koikili Lertxundik gogoratu duenez, etorkizunera begira entrenatzaileen kalitatea eta euskara gaitasuna areagotzeko, saskibaloi entrena- tzailea izateko formazio homologatua euskaraz jasotzeko hitzarmena sinatu dute BKLk, Kirolenek eta udalak. Beasain KE-rekin ere antzeko bidea jorratzen hastekoak dira. Era horretan, euskarak balio erantsia ematen duela frogatu nahi dute, «sentsibilizaziotik ohitura aldaketara igarotzea eta entrenatzaileen kalitatea bermatzea euskarazko formazio homologatua jasoz».