Mirandaolako burdinolari aitortza egin dio ASM AEBetako erakundeak
Metalen eta materialen Amerikako Estatu Batuetako elkartea da ASM. Legazpiko burdinolak orain 500 urtetik burdinaren bueltan sortutako lan-sare ekonomikoagatik saria jasoko du

Bikuña jauregian, Lenbur Fundazioaren egoitza, agerraldia egin dute Luis Txillida fundazioko lehendakariak eta Inasmeteko Javier Moles patronatuko kideak; Koldobike Olabide jarduneko alkatea bertan izan da. Mirandaolako burdinolak Amerikako Estatu Batuetan jasotako aitortzaren berri emateko bildu dira. Hain justu, ASMk (metalaren zein materialen elkarte amerikarra) egin dio aitortza burdinolari eta, batik bat, azpimarratu dute burdinolak Legazpik eta inguruak burdinarekin duten loturaren sorgunea izan direla, baita 500 urteetan josi den lan zein ekonomia sarearen ernamuina ere.
Molesek saria «oso garrantzitsua» dela esan zuen agerraldian: «ASM elkarteak 30.000 kide baino gehiago ditu eta metalaren nahiz gerora sortu diren bestelako materialen inguruko ikerketa nahiz garapena sustatzen ditu, besteak beste». Elkarteak Historical Landmark izendapena ematen duela 50 urte bete dira aurten. «Aurretik Parisko Eiffel dorreak eta New Yorkeko Askatasunaren Estatuak jaso dute» esan zuen Molesek sariaren garrantzia nabarmentzeko. Aitortza Legazpiko udalerrira zabal daitekeela gehitu zuen: «Duela 500 urte hemen bizi izan ziren haiei ere bai, haiek izan baitziren aitzindari Euskal Herriko metalaren industrian».
Iragana eta etorkizuna
Luis Txillida fundazioko lehendakariak urte hauetan guztietan burdinola bere horretan gorde dadin lagundu duten guztiak ekarri zituen gogora: «Egun, guztion ondarea da bertakoek zaindu dutelako».
Mirandaolako burdinolan plaka bat jarriko dute eta saria jasotzeko ekitaldia izango da, baina oraindik ez dakite non eta nolakoa izango den. Izan ere, aurreko maiatzaren 7an izan zuten aitortzaren berri. Molesek burdinolak jasoko duen izendapenak turismoa erakarriko duela esan zuzen, are gehiago, «erakusleihoa izango da egun metalari lotutako materialak lantzen duen ekoizlearentzat. Zalantzarik ez dago, aurrera egin nahi badugu atzera begiratzea ezinbestekoa da. ASMk adituen artean Mirandaolaren berri zabalduko du eta adituak ere etorriko dira XVI. mendean nola aritzen ziren ikustera».