Ataunek herrian ziurtatuko du etzi Herriarteko lehen urratsa, Aiarekin
Aiako joaneko jardunaldian 1-2 aurreratu da Ataun, eskuan. Final-laurdenera joatea aukeran du. Palan, Olaberriak ere etzi jokatuko du, Errenterian, finalaurrekoan
Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketan, Ataungo taldeak herrikideen aurrean lehenengo partidak etzi jokatuko ditu. Auzoeta kiroldegian, larunbatean 19:30ean hasiko da jaialdia, Aia herriko (Gipuzkoa) pilotarien aurka. Iaz txapeldunorde izan ondoren, final zortzirenetan sartu da Ataun lehian.
Aldeko emaitza ondu zuen lehengo asteburuan Aian; 1-2 aurreratu da Ataun. Zubizarreta-Goikoetxea kadeteek 22-8 galdu dute, eta Senar-Etxeberria jubenilek (12-22) eta Zubizarreta-Baztarrika helduek (3-22) irabazi.
Talde lehiakorra osatu du Ataunek. Kadete mailan Jon Erauskin, Enaitz Artola, Aitor Kerejeta, Beñat Zubizarreta, Eneko Goikoetxea eta Unai Goikoetxea sartu ditu; lehen laurak debutariak dira. Jubeniletan Beñat Senarrek eta Josu Etxeberriak osatuko dute bikotea; eta helduetan Iraitz Zubizarreta, Arkaitz Baztarrika eta Iñigo Zabala txandatuko dira.
Olaberria finalaurrekoan
Palan, bizirik den Goierriko talde bakarrak, Olaberriak, Errenteriari aurre egingo dio, finalaurrekoetan. Joanekoa Errenteriako Agustina Otaola frontoian joatuko dute, larunbatean 17:00etan. Debaren eta Oiartzunen artean da beste neurketa.