Azken txanpan, plazara
Elkarren ondoan, baina distantziak mantenduz, lau alderdi nagusietako ordezkariak bildu dira Ordizian. Zumarragan izan da Markel Olano, eta errepidea «birpentsatu» behar dela esan du
Hauteskunde kanpaina sartu da azken txanpan, eta alderdi eta hautagaiak plazara atera dira beste behin, azken hondarrak ematera. Ordiziako azoka izan ohi da kanpainarako aukeratu ohi duten plazetako bat, eta aste honetan ere, lau alderditako kideak aritu dira bertan, ekitaldiak egin nahiz propaganda eta boto-paperak banatzen. Zumarraga izan da beste puntuetako bat, Markel Olano diputatugai nagusiaren bisita izan baitute.
Ordiziako azoka egunarekin bat eginez, EAJk eremu horretarako dituen proposamenak aurkeztu ditu. Jose Migel Santamaria alkategaiarekin batera, Bittor Oroz jaurlaritzako nekazaritza sailburua ere bertan izan da. «Espazio, zerbitzu eta produktu berriak» agindu dituzte azokarako, eta hori lortu ahal izateko, «erakundeen arteko lankidetza bermatuta» dagoela azaldu dute.
Zumarragan ere izan dira EAJko kideak, Markel Olano diputatugai nagusiaren bisita izan baitzuten atzo. Gi-2632 errepidea izan zuten hizpide; Olanoren ustez, «birpentsatu» egin behar da bide hori: izan ere, «errepide horrek bitan zatitzen du Zumarraga». Horretarako, prozesu parte hartzailea martxan jartzearen alde agertu da.
Elkarren ondoan, baina aparte
Ordiziako Jakes etxearen parean irudi bitxia ikus zitekeen atzo. Izan ere, metro gutxiren barruan, hiru alderditako kideak zeuden, kanpaina betean. Elkarrekin-Podemosek Olano taberna zenaren parean jarri zuen postua. PSE-EEkoak, Jakes Etxearen azpian aritu ziren larrosak banatzen. Eta EH Bildukoek, bien artean, boto-paperak prestatu eta eskatzen zituzten herritarrei banatzen jardun zuten. Adur Ezenarro alkategaia buru zutela, azokako postuetan ere egin zuten bueltatxoa, bertako nekazariekin hitz egin, eta erosketaren bat edo beste eginez.
Bihar bukatuko da ofizialki hauteskunde kanpaina, gauerdian. Horren aurretik, EH Bilduk itxiera ekitaldi ugari antolatu ditu bihar iluntzerako, besteak beste, Ataunen, Lazkaon, Idiazabalen eta Zaldibian. Gaur, berriz, Urretxu-Zumarragan egingo dute ekitaldia.