Beasaingo EAJk ongizateko eta ekonomia ardatzak aurkeztu ditu
Adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzera zuzendutako proposamen zehatzak jaso ditu hauteskunde programan. Langabeziari aurre egiteko enplegu aukera berriak ere bultzatuko ditu EAJ-k.
Ongizatea eta ekonomia ardatz dituen asmoak azaldu ditu Beasaingo EAJ-ko Aitor Aldasoro alkategaiak, hauteskunde kanpainako azkeneko bi ekitaldietan. Nafarroa Etorbidea eta Oriamendi lotzen dituen eremuan eta Erauskin plaza berrituak aukeratu dituzte proiektuak azaltzeko.
Aitor Aldasororen esanetan, EAJk “pertsonak kokatu ditu beti” proiektu eta egitasmo guztien erdigunean, eta hauteskunde programan ere horrela jaso dutela nabarmendu du: “Orain arte bezala, gizarte politika eraginkorrak bultzatuko ditugu behar gehien duten herritarrei gure laguntza osoa eta babesa emateko. Era berean, gizarte zerbitzu eta laguntzak osatu eta indartuko ditugu behar berriei aurre hartu eta erantzuteko; esaterako, gazteen emantzipazioa errazteko programa berriak abiaraziko ditugu Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean eta udaletik alokairurako diru laguntzak emango ditugu”.
Zahartzaro “aktiboa eta osasuntsua”
Horrekin batera, biztanleriaren zahartzea “momentuko erronkarik nagusienetarikoa” dela nabarmendu du hautagai jeltzaleak. “Legealdi honetan jada heldu diogu gaiari eta martxan jarritako egitasmoak mantenduko ditugu: Goiz Zaindu, kirol kontsultategia, Beasain Lagunkoia, ‘Ondo ibili, ondo izan’… Baina proposamen berriak ere landu ditugu adineko pertsonen ongizate hobetu eta beren zahartzaro aktiboa eta osasuntsua sustatzeko”. Horien artean aipatu ditu bakardade egoerari aurre egiteko programak, ke detektagailuak eta eguneko zentroaren ordutegia zabaltzea.
Berdintasuna eta bizikidetza, “etorkizuna eraikitzeko oinarria”
Bestalde, “errespetuan oinarritutako” Beasain eraikitzeko bidean, “berdintasunak eta bizikidetzak oinarri izanbehar duela” adierazi du alkategaiak. “Elkarbizitzaren eta berdintasunaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu. Beasain parekideagoa eraikitzen jarraitzeko legealdi honetan abiarazitako Herrilab proiektuari jarraipena emango diogu, proiektu honen bitartez, gizarte eragile ekonomiko zein norbanakoengan eragiteko aukera dugulako eta berdintasuna urratsez urrats eta esparru guztietan eraginez bermatu behar dugulako”.
Memoria historikoa berreskuratzen jarraitzeko asmoa ere badute jeltzaleek, “iragana ahaztu gabe etorkizuna eraikitzeko”.
Bestalde, Beasainera etorri berri diren pertsonak “herritartatzeko” informazio kanpainak gauzatuko dituztela ere esan du, “hala nola, euskara ikasteko dituzten aukeren berri emateko”.
Ekonomia
Ekonomiaren arloan, tokiko jarduera ekonomikoa indartzea eta enplegu aukera berriak sortzea dira EAJ-ren lehentasunak. Izan ere, “pertsonaren ongizateari lotuta, Beasainerako landu dugun programaren ardatz garrantzitsuenetarikoa da tokiko ekonomia eta enpleguari lotutakoa”. Agintaldi honetan bezala, enplegu sustapenarekin jarraituko dute, “enplegua funtsezkoa iruditzen zaigulako herritarrek beren bizi proiektua gauzatzeko aukera izan dezaten, lanak duintzen du pertsona eta autonomia eta gaitasuna ematen dio, eta ekonomia indartsu batek baliabideak sortu eta kalitatezko gizarte zerbitzuak eskaintzeko aukera bermatzen digu”.
Azken lau urteetan, Beasainen, langabezia 2,7 puntu jaitsi dela nabarmendu du, “baina oraindik langabezian dauden herritarrak ditugu eta horiei aukera berriak eskaini behar dizkiegu ezin bestean, beren profilak kontuan hartuz, ezin gara beraz, egindakoarekin konformatu, lanean jarraitu behar dugu”.
Horretarako guztirako, hainbat proposamen zehatz aurkeztu ditu Aldasorok.
– Ideia eta proiektu berriak garatu nahi dituztenentzat laguntzak beren enpresa abiarazi dezaten.
– Langabezian dauden pertsonei lan aukera berriak eskaintzeko profil ezberdinetara egokitutako formazio saioak eta praktikak, Goierri Eskola, Goieki eta Lanbiderekin elkarlanean.
– Lanbide Heziketa enpresen behar berrietara egokitu eta elkarlan estua inguruko enpresa sarearekin.
– Zoru industriala prestatu zerbitzu eta enpresa berriei lekua egiteko eta enplegu sorrera sustatzeko.
– Zubi berria Arana kalearen eta Gipuzkoa plazaren artean, aparkalekua erdigunera gerturatu eta merkataritza sustatzeko.
– Merkataritza elkarteekin elkarlanean ekimen berriak abiarazi.
– Legealdi honetan martxan jarritako tokiko produktuen azokak sustatu eta indartu ekimen berrien bitartez.
– Tokiko produktuen kontsumoa indartu eta baserritarren ekoizpena eta lana balioan jarri.
– Lehen sektorea babestu eta aldundiarekin elkarlanean proiektu berritzailea abiarazi ekoizleei erraztasunak emateko.