«Errealismoa utzita, inpresionismo aldera joan nahi dut orain»
Segurako Ardixarra etxean Ximon Goiak 33 margolan jarri ditu ikusgai. Segurako paisaiak dira gehienak, baina erretratuak ere badaude. Ekainaren 16ra arte dago irekita.
Ximon Goia segurarrak lehenengo margolan erakusketa jarri du Ardixarra etxean. Ekainaren 16ra arte dago ikusgai, asteburuetan. 33 lan zintzilikatu ditu Ardixarrako bigarren solairuan; gehienak, argazkiak diruditen Segurako eta inguruko paisaiak dira.
Noiz hasi zinen margotzen?
Orain dela sei bat urte, Ardixarrako erakusketan daudenak azken hiru urtean egindakoak dira. Beasainera, Jokin Telleriaren eskolara joaten naiz astean bitan.
Lehenengo erakusketa da. Nolatan animatu zara?
Herrian jende gutxik daki pintatzen dudala. Pintatzen nuela zekitenak eta nire lanak ikusiak zituztenek beti esaten zidaten erakusketa bat egin beharko nu- keela. Ardixarrako arduradunek ere hala esaten zidaten, eta animatu naiz.
Jubilatutakoan heldutako zaletasuna al da pintura?
Bai. Beti marraztu izan dut zerbait. Baina jubilatu eta gero aukera izan dut Jokin Telleriarena joateko, eta joan egin nintzen. Hasieran marrazten hasi nintzen, gero marrazten baina pastel eta sanginarekin… eta hirugarren urtean akrilikora edo oleora pasatzen da. Nik akrilikorik ez dut egin, oleoa erabiltzen dut. Joaten naizen tokietan argazkiak ateratzen ditut eta han egoten dira gordeta. Egun batean bat aukeratu eta pintatu egiten dut. Aldi berean bi edo hiru koadro izaten ditut hasita.
Erakusketatik, zein da margotu zenuen lehenengoa?
Bodegoia, eta gero amapola, narziso eta magnolio loreak. Ondorengoak dira pastelarekin margotutakoak. Gaur egun, oleoarekin margotzen dut.
Hala ere, gehienak Segurako eta inguruko paisaiak dira. Argazkiak dirudite koadroek.
Zehaztasun handikoak dira bai, errealismoa da hori. Argazkitik egiten ditut, etxean margotzen dut. Gehienak Segurako paisaiak dira. Argi pixka bat izan dezatela bilatzen dut argazkietan. Hala ere, beste zerbaiten bila nabil orain, errealismoa utzi eta inpresionismo aldera joan nahi dut. Detaile gutxiagorekin margotu nahi dut. Baina ez da erraza salto hori egitea. Zehaztasun asko izatetik, zehaztasun gutxiagora pasatu nahi dut. Baina ikusi egin behar bidea nondik den.
Nola egiten da estilo bilaketa hori?
Beste pintore batzuen lana ikusita, erakusketetara joanda, liburuak irakurri eta ikusita…. Estilo batzuk gustatzen zaizkizu eta beste batzuk ez… Azkenean bilaketa bat egon behar da eta ez da erraza. Abstraktu edo inpresionismo aldera joan nahiko nuke. Orain arteko lanetan, errealismoan, oso zehatz dago dena margotuta. Beste teknika edo bide batzuetan ez da hain esplizito margotzen. Hori egitea arriskutsua da, gustatu egin behar da, eta jendeari, interpretaziorako zenbait gauza utzi. Orain bide hori egiten ari naiz nire kabuz. Erakusketetan ikusten da pintoreek bide hori egiten dutela, gustatuko zaizu ala ez, baina norbera gustura sentitu behar da egiten duen horrekin.
Hurrengo erakusketa beraz, agian desberdina izango da.
Agian bai, ikusiko dugu.
Erretratuekin ere ausartu zara. Zeurea, Lurdes emaztearena Garazi alabarena, eta bi bilobena jarri dituzu.
Erretratua oso zaila da. Antza bilatzea oso-oso zaila da, izugarrizko lana du. Gauza bat da aurpegia, baina arropak eta ere bai.