«Gure eredua auzolana da, ez pertsonalista»
Azkeneko lau urteetan, oposizioan eserleku bat bete du Adur Ezenarrok EH Bildurekin. Udal arkitektoa ere bada, eta horrek administrazioan «esperientzia hartzeko balio» izan dio. Horri, lau urteotan zinegotzi bezala ikasitako guztia gehitu ondoren, «benetan prestatua» sentitzen dela uste du. Gainera, «taldekide bikainak» ditu bidelagun. Eredua «auzolana» da berarentzat, eta «ez pertsonalista».
Ordiziako EH Bilduren proposamenak bost ardatzetan oinarritzen dira eta «nolako Ordizia nahi dugun adierazten dute». Ordizia Zaintzailea eta duina nahi dute, «gizarte politikak indartuz eta irisgarritasunean herria bera zaintzaile bilakatuz, auzoetatik eraginez». Ordizia Hezitzailea eta osasuntsua, «Hiri Hezitzailea udal politiken zehar lerro nagusi bilakatuz, hezkuntza mahaia sortuz, Oiangu berreskuratuz eta berriztagarrien apustua eginez». Ordizia Berritzaile eta jasangarria, «azoka eta merkataritza biziberritzeko neurriak hartuz, besteak beste. Ordizia Euskalduna eta anitza, «euskara lehenetsiz eta datozenei harrera eginez». eta Ordizia Feminista eta justua, «emakumeen jabekuntza eskola martxan jarriz, eskumenak delegatuz eta bizikidetzan urratsak emanez», beste gauza askoren artean.