«Kode etikoa egingo dugu goi kargudunentzat»
Abokatua da Mila Sukia eta herri politikan esperientzia duen emakumea da. Izan ere, azkeneko lau urteetan oposizioan izan da Ordizia Orainekin.
Elkarrekin Podemos-Ordizia Orain bezala aurkeztu dute maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako hautagaitza. «Erakundeen demokratizazioa, guztien berdintasuna, parte hartzea eta gardentasuna» ekarriko dituztela esan du.
Proiektuei dagokienez, proposatutako «guztiak garrantzitsuak» direla nabarmendu du. Goi kargudunek bete behar dituzten printzipio eta balioak biltzen dituen kode etiko eta jarrera kode bat egitea proposatzen du. Gainera, «herritarrekin kontaktu zuzena» izango dute eta lortutako zinegotziak izango dira herritarrak udalarekin lotzeko bidea. Ordiziak «marka propioa» behar duela ere uste du. Mugikortasunaren harira, «bizikleta elektriko publikoak eta doako mikrobus elektriko publikoa beharrezkoak» dira
Gainera, «emakumearen etxea eta haurren eta nerabeen udal kontseilua» ere oso garrantzitsutzat jo ditu. «Osasun zentroa herritarren beharretara egokitzea, geriatria zerbitzua ere integratuz bertan» ere jaso dute. Eta beste gauza askoren artean, «energia trantsizioa» egitea izango du helburu Elkarrekin Podemos-Ordizia Orainek