«Ordizia maite dut eta horrek indarra ematen dit»
Bi legealditan alkate izandakoa da Jose Migel Santamaria eta tartean, oposizioan ere izan zen legealdi batez. «Gogotsu» dago «proiektu asko» dituztelako, eta horiek eta sortzen direnak aurrera ateratzeko «ilusioarekin» dago. Horretarako talde «anitza» duela esan du, «disziplina desberdinetatik datozen emakumeek eta gizonek, gazteek eta helduek osatutakoa».
Hurrengo urteetarako proiektuei dagokienez, «martxan dauden batzuk eta berriak diren beste hainbat ere» badituzte. Lehenengoen artean «kirol instalakuntzen berritze lanak bukatzea, kultur azpiegitura beharren mapa osatzea eta plana burutzea, Buztuntzako urbanizazioa egitea, Floreagako etxebizitza sozialak eraikitzea, San Bartolomeko irisgarritasuna gauzatzea, trenbidearen leku aldatzearen estudioa hastea eta ekonomia suspertzeko plana gauzatzea», besteak beste. Horrez gain, «aparkaleku berria egiteko proiektuari heldu eta Plaza Nagusia berritzeko nazioarteko lehiaketa martxan jarri» nahi dute.
EAJren konpromisoa «herrigintza egitea» dela esan du, «herriaren eta herritarren alde lan egitea». Eta aurreko lau urteak «zailak» izan badira ere, «Ordizia maite» duela eta horrek lanean jarraitzeko «indarra» ematen diola esan du Santamariak.