Haurugby lehiaketak ehunka haur elkartuko ditu larunbatean Goierrin
Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako 13 taldek parte hartuko dute asteburuan, Ordizian eta Lazkaon jokatuko diren partidetan.
Ordizia Errugbi Elkarteak antolatutako 15. Haurugby lehiaketa bihar jokatuko da. Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako 13 taldek parte hartuko dute. Aurreko urteetan bezala, larunbat goizean sailkatze partidak jokatuko dira bi zelaitan. Arratsaldean, finalak Altamiran izango dira. Haurren errugbi txapelketa 10:00etan hasiko da. Ordiziako Altamiran eta Lazkaoko Harizti Handi zelaian banatuko dituzte taldeak. Lazkaora itzuliko da hala Haurrugbi, bi urte eta gero.
Bazkaltzeko tartea 13:00etan hartu, eta arratsaldean Altamiran bilduko dira finaletarako. 14:45ean hasiko da azken fasea. Sari banaketa eta hirugarren zatia 17:00etan egingo dute.
Euskal Herriko bost talde lehiatuko dira: Orkli Ordizia, Durango, Angelu, Boucau Tarnos (Bokale) eta Sara-Senpere. Akitaniako Porte de Bearn, US Bardos, BAL, Ondres eta Pont Long, eta Espainiako Liceo Frances (Madril), Aparejadores (Burgos) eta Aragoiko selekzioa ere gonbidatu dituzte.