Beasaingo Igartza Oleta kalea birgaitzeko baimena eman du Ur Agentziak
Oria ibaiaren ezkerraldean hegaldura txiki bat eraikiko dute, noranzko bikoitza berreskuratzeko. Bidegorria ere mantenduko dute. Zubiaren sarreran ere aldaketak egitea aurreikusten da
Beasaingo Udalak Igartza Oleta kalean bi noranzkoak berreskuratzeko asmoa du, bidegorria eta espaloia mantenduta. Horretarako, Oria ibiaren ezkerraldean hegaldura bat eraikiko dute. Lan hori egiteko Ur Agentziaren baimena beharrezkoa da eta udalak dagoeneko esku artean du Konfederazio Hidrografikoaren ebazpena. Orain, lanak esleitzeko prozesua martxan jarria du.
Beasaingo Udalaren esanetan, Igartza Oleta kalean egingo diren birgaitze proiektuan, ibaiaren ertzean dauden 2, 4 eta 6 zenbakien atarien parean, «espaloiari zabalera emateko zenbait eremutan hegaldura txiki bat eraikiko da ibai ertzean». Noranzko bikoitzarekin «udalerrirako sarbidea Igartza Oleta kaletik posible izango da. Bereziki, Foru kalea, Dulce Maria Loinaz eta inguru horietan bizi diren herritarrek irispide samurragoa izango dute, orain bira osoa eman behar izaten baitute Trenbide kaletik barrena euren bizitokietara iristeko».
Bestalde, beste «hobekuntza» bat ere egingo dute inguru horretan: «Peategi kalera eta Igartzako futbol zelaira iristeko zubiaren sarrerako bihurgunean espaloian aldaketak egingo dira, ibilgailuek bira egiterakoan duten zailtasuna errazteko».