Aldaparoa urez bete da
Ubideko zikinak atera eta ur ponpagailua jarri dute ura mugimenduan jartzeko. Hainbat lorontzi ere jarri dira inguruan. Sakonera handieneko tokia beirazko barandekin babestuko da
Igartza Monumentu Multzoko aldaparoan hainbat berrikuntza egin ditu udalak, «bere balioa indarrean jartzeko helburuarekin». Udalaren esanetan, «zikin egotetik garbi eta ikusgarri bi-hurtu da honela eremu hau eta ur korrontea sortuta, aldaparoaren inguruari bizitasuna eman zaio». 22.351 euroko kostua izan dute lanek.
Aldaparoa urez hustu eta zaborrak garbitu ondoren, ur ponpagailua jarri dute. «Makinarekin ura mugimenduan jarri da, aldaparoaren toki sakonenetik hartu eta ur-kanalaren muturretik isurita korrontea sortu da kanalean. Bizitasuna eta mugimendua eragiteaz gain, paretan eta hondoan algak sortzea eragotziko da». Ur ponpagailua 10:45etik 14:15era eta 14:15etik 20:30era bitartean egongo da martxan.
Bestalde, aldaparoaren ezkerraldeko petrilean hainbat lorontzi jarri dituzte korten altzairuarekin. Era horretan, «ur kanala edertu eta atontzeaz gain, zikinak ez botatzeko eremua babestu ere egingo du». Aldaparoaren zubitik aurrera, errotaren alboan, lorontzi eta beirazko baranda jartzea izango da hurrengo lana. «Itxitura honek, al- daparoak sakontasun gehien duen zatira sartzen ez uzteko funtzioa beteko du, arriskua saihesteko».
Txukuntze eta berritze lanen ondotik, dagoena zaindu eta errespetuz gordea izan dadin, jokaera ona izatea eskatzen du udalak. «Aldaparoaren garbiketa lanetan errotako sarbidea trabatzen zuten harri eta zabor asko atera dira».
Igartzako Monumentu Multzo osoak bezala, aldaparoak funtzio garrantzitsua bete izan du historian zehar. Igartzako errota eta burdinolaren funtzionamendurako indarra ematen zuen ura presatik garraiatzeko bidea zen. Igartzako informazio panelak ere berrituko dituzte.