Beasaingo EH Bildurentzat "atzerapausoa da" Igartza-Oleta kalean bi noranzkoak berreskuratzea
Beasaingo Udalak egin nahi dituen aldaketak "oinezkoak eta txirrindulariak kaltetzen" dituela uste du. Bestalde, "mota honetako erabakiak hartzeko garaian, bertako bizilagunen iritzia jaso eta aztertu den jakin" nahi du EH Bilduk.
Beasaingo EH Bilduk iritzia plazaratu du “Beasaingo Udal gobernuak, Igartza-Oleta kalean bi noranzkoak berreskuratzeko duen asmoaren aurrean”. EH Bilduren esanetan, “2011. urtean ekin genion EH Bildutik Beasaingo bidegorriaren ardatz nagusia osatzeari, Igartza-Oleta kalea helburuen artean kokatuz. Helburu nagusia, beasaindarrontzako Beasain atseginago bat egitea zen. Horretarako oinezkoei lehentasuna emanez, autoak ateratzea helburu genuen. Oriamendi kaleko noranzko bakarra helburu berarekin ezarri zen. Etengabeko kotxeen joan etorriak kutsadura sortzeaz gain,arriskuak ere badakartza besteak beste”.
EH Bilduren ustez, “beasaindarrok ez dugu nahi kaleak etengabe aldatzen ibiltzerik, horrek suposatzen duen diru publikoko xahuketa eta obrek sortzen dituzten trabak kontuan izanda”. Era horretan, Igartza-Oletan bi noranzkoak berreskuratzeak, “oinezkoak eta txirrindulariak kaltetzen” dituela uste du, “eta atzera pausoa iruditzen zaigu. Igartza Oletan konkretuki, autoek 500 metro gutxiago egin dezaten, kale honetako bizilagunei, txirrindulariei eta oinezkoei trafikoa nabarmen handituko zaie, eta esan bezala obra hauek sortuko dituzten oztopoak pairatu beharko dituzte berriz ere”.
Era horretan, “mota honetako erabakiak hartzeko garaian, bertako bizilagunen iritzia jaso eta aztertu den jakin nahiko” luketela nabarmendu dute: “EH Bildutik, udaletik, oinezkoak lehenesten eta herritarren ongizatea hobetzen dituzten neurriak babesten jarraituko dugu, beti ere herritarron iritzia kontuan izanda”.