Murumendiko umeek eta Ane Etxezarretak irakurriko dute pregoia
Festen hasierako pregoia Murumendi ikastetxeko haurrek irakurriko dute, Ane Etxezarreta Realeko jokalaria lagun dutela. Haurren soka dantzan 20 neskak eta 20 mutilek hartuko dute parte.
Beasain eta beasaindarrak prest daude Loinatz jaiei ongi etorria egiteko. Lehenengo egunetako eguraldi iragarpenek diotenez, igandera arte behintzat, eguzkia lagun izango dute beasaindarrek eta kanpotik datozenek.
Txosna Gunean festak gaur hasiko badituzte ere, Loinatz jaien hasiera ofiziala bihar, 18:00etan izango da Loinazko San Martin plazan. Murumendi ikastetxeko haurrak izango dira aurten pregoilari, eta Realarekin Erregina Kopa irabazi duen Ane Etxezarreta jokalariaren laguntza izango dute.
Errealeko nesken taldeak Gipuzkoan zehar egindako bidaian, Beasainen egin zuen geldialdia. Anek ezin zuen bisita horretan egon beste konpromiso batzuk hartuak zituelako eta bidaian zegoen. Udalak eta alkateak egindako harreran hartan, Aneri eskeinitako plaka bat jaso zuten bere taldekideek.
Harrera hartan egon ez zenez, Beasaingo herriarengandik merezi duen omenaldia jasotzeko bere eskolakoak diren ikasleekin batera parte hartuko du Loinatz jaiei hasiera ofiziala emango dien danbatakoan Hori horrela, ostiral honetan arratsaldeko 18:00etan piztuko du danbatakoaren txinparta jokalari txuri-urdinak.
Murumendiko Marik ere ez du hutsik egingo. 22:30ean puntuan plazako argiak itzali, eta txalaparta, perkusio eta trikiti doinuekin, eta sorginen eta Sua kantuaren laguntzarekin, iritsiko da Loinazko San Martin plazara.
Danborradak Ezkiagatik
Larunbatekoa, danborraden eguna izango da: haurrena 12:00etan eta helduena 19:00etan. Biak ala biak, Ezkiaga auzotik atera eta Loinazko San Martin plazan bukatuko dira. Helduen danborradan bada berrikuntza bat: Erauskin plaza berrituan konpainia guztiek geldialdia egingo dute eta hiru pieza joko dituzte bertan.
Neskak soka dantzan
Berrikuntzekin jarraituz, eta asteleheneko kuadrillen egunaren biharamunean, haurren soka dantzan irudi historikoa ikusteko aukera izango da. Aurten lehenengo aldiz, neskek ere protagonismo bera izango dute: 20 neska eta 20 mutilek osatuko dute dantzaren soka.
Txosna Gunean gaur hasiko dituzte Loinatz Jaiak
Txosna Gunean gaur hasiko dituzte festak. 19:00etan, trikipoteoa egingo dute Arrano tabernatik hasita; 20:00etan, txosnak irekiko dituzte eta 20:30-ean, Ane eta Malen eta Talka taldeen kontzertuak izango dira.
Pilota txapelketako finalerdiak bihar jokatuko dira
Gernika pasealekuko pilotalekuan, bihar, 19:00etan jokatuko dira binakako lagun arteko pilota txapelketako finalerdiak. Kuman-Salinas Ando-Saltsamendiren aurka ariko dira eta Urte-Kuko, Beñat-Saltsamendi III.aren aurka. Finala eta 3. eta 4. postuak, astelehenean jokatuko dira, 12:00etatik aurrera.
Areto futboleko finalean, Zintzarri eta Antzizar taberna
La Sallen jokatuko dute astelehenean, 11:00etan, lagun arteko areto futboleko finala, Zintzarri eta Antzizar taberna taldeek.
Hiru prebentzio kanpaina egingo dituzte festetan
Drogei, alkoholari eta indarkeria sexistari buruzko informazio mahaiak jarriko dituzte larunbatean eta astelehenean.