Berdintasunaren aldeko mezuekin hasi dira Loinatz Jaiak
Murumendi eskolako ikasleekin batera, Realeko Ane Etxezarreta jokalari beasaindarrak pregoia irakurri eta suziria bota du Beasaingo udaletxeko balkoitik.
Giro eguzkitsu eta beroarekin hasi dira Beasainen Loinatz Jaiak. Ekainaren 9ra arte, festa giroa nagusituko da Beasaingo txoko desberdinetan.
18:00etan puntuan, Murumendi ikastetxeko haurrek pregoia irakurri dute lehenengo eta jarraian, Realeko jokalaria den Ane Etxezarretak pregoia irakurri eta festen hasierako suziria piztu du, udaletxeko balkoitik, buruhandiak lagun zituela. Berdintasunaren aldeko aldarria egin du beasaindarrak. “Gozatu eta utzi gozatzen” oihuekin amaitu du hitzaldia.
Udaltzainburuak eta alkateak udaletxeko balkoietan Beasaingo bandera eta ikurrina zintzilikatzearekin batera, musika eskolako txistularien eta bandak Beasaingo Martxa jo eta erraldoien dantzaldia izan da.
Handik aurrera, haurren korrika saioak izan dira nagusi erdiguneko kaleetan.
Mariren zain
Orain beasaindarrak, Murumendiko Mariren zain daude. 22:30ean etorriko da Loinazko San Martin plazara.