«Ez nau itsutzen garaipenak, lan ona egitea da inporta zaidana»
Zegama-Aizkorri mendi maratoia zortzi aldiz irabazia da kataluniarra. Azken bietan ez du parte hartu, eta lehiarako gogoz dago. «Duen onena ematea» du helburu igandean.
Orain hiru urte, 2016an, parte hartu zuen azkenekoz Kilian Jornetek (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1987) Zegama-Aizkorri mendi maratoian. Txapela jantzi zuen ordukoan, aurrez beste zazpi aldiz egin bezala. Garaipenarekin eta errekorrarekin ez dela itsutzen dio, eta euskal zaleen beroa sentitzeko gogoz dagoela adierazi du. Denboraldiko lehen proba du. «Sentsazio onak ditut, motibatuta nago».
Bi urtean etorri gabe egon eta gero, igandean Zegaman izango zara atzera. Itzultzeko gogoz?
Bai noski! Zegama nire lasterketa gogokoenetakoa da, eta hango giroa berriz bizitzeko irrikaz nago, hango jendea ikusi…
Zerk sortzen dizu bada sentimendu hori?
Zegama izan zen lehiatu nintzen lehen lasterketetako bat, eta asko maite dut. Giroa ikaragarria da, euskal zaleek asko animatzen dute ibilbideko edozein puntuan, lokatza, euria… Horrek epikotasun handia ematen dio. Osagai guztiak dituen lasterketa bat da, eta lasterkariok han bizi ohi duguna sinestezina da.
Azken egunetan euria egin du, baina igandean eguzkitsu egongo dela dirudi.
Aukeran nahiago dut hotza eta euria. Horrek egiten du berezi Zegama!
Orain aste gutxi iragarri zenuen Zegaman izango zinela sare sozialen bidez, eta aurten, horrez gain, Golden Trail Serietako Sierre Zinal eta Pikes Peak probetan soilik lehiatuko zinela jakinarazi zenuen. Zergatik erabaki hori?
Hamabost urte daramatzat lasterketa askotan lehiatzen, eta aurten gutxiagotan parte hartu nahi dut, aritzen naizen horietan ahalik eta ondoen egoteko. Historia handiko hiru lasterketa dira, mendi korrikalari onenak elkartu ohi dira hiruretan, eta horrek guztiak are interesgarriago egiten du dena.
«Zegamako giroa berriz bizitzeko
irrikaz nago, hango jendea ikusi…»«Ederra da niretzat gehien maiten dudan
lasterketetako batean denboraldiari ekitea»«Lan saio onak egin ditudala uste dut,
eta fisikoki ondo nagoela esango nuke»
Trail running denboraldiko lehen lasterketa izango da zuretzat. Zer sentsazio dituzu?
Oso pozik nago! Ederra da niretzat gehien maite dudan lasterketetako batean denboraldiari ekitea.
Eta gorputzaldiz? Zer moduz iritsiko zara fisiko aldetik?
Hori ez dago jakiterik! Neguan eta udaberrian lan-saio onak egiten ditudala uste dut, eta fisikoki ondo nagoela esango nuke, baina dortsala soinean jantzi eta lehiatzen hasi arte… Sentsazio onak ditut, eta motibatuta nago.
Neguan aita izan zara, eta mendi eskiko Mezzalana Saria, Italian, izan da lehiatu zaren proba bakarra. Lehiatze eskasia horrek zertarainoko eragina izan ohi du zugan? Zer irakurketa egiten duzu?
Gauza berriak eta ezberdinak probatu nahi ditut, eta aurtengo urteak horretarako aukera ematen didala uste dut.
Aizkorri-Aratzeko mendiak beteko dituzten zaleek zer Kilian Jornet ikusiko dute?
Betikoa!
Eta zuk ibilbideko zer zati duzu gustukoen?
Zati bakoitzak du berea, eta bakoitzean bizi daiteke momentu interesgarriren bat.
Beste mendi lasterketari asko zu baino lehia ordu gehiagorekin iritsiko dira Zegamara. Garaipenak itsutzen zaitu, ala zure onena ematearekin konforme zeundeke?
Ez, ez nau itsutzen garaipenak. Nigan dagoen onena ematea eta ahalik eta ondoen egitea da gehien inporta zaidana.
Eta errekorrarekin? Atzera zurea izatea nahiko zenuke? [Stian Angermund norbegiarrak 03:45:08ko errekorra ezarri zuen 2017an, aurrez kataluniarrak zuena onduz].
Ez naute errekorrek obsesionatzen! Asko gustatzen zait mundu osoko mendi lasterkari bikainekin Zegaman elkartu ahal izatea. Borroka ederra izango da. Hori da, nire iritzirako, gauzarik interesgarriena.