Loinatz jaiak bukatu ondoren hasiko dira Beasaingo Usurbe Antzokia birgaitzeko lanak
Igartzako skate parkean pumptrack pista egingo dute. Olaran eraikinean ere hainbat lan egingo dituzte.
Agintaldi amaierako azken Beasaingo Udaleko gobernu batzordean hainbat obren esleipenak onartu ziren: Usurbe antzokia birgaitzeko lanak, pumptrack pista berria egiteko lanak, Trenbide kalea berritzeko obrak eta Manufacturas Olaran eraikina partzialki birgatzeko lanak. Datozen asteetan eta hilabeteetan hasiko dituzte lanak.
Hasten lehenak, Usurbe Antzokikoak izango dira, Loinatz jaiak bukatzen direnean. Erabiltzaileen segurtasuna, irisgarritasuna, ikusgaitasuna eta erosotasuna bermatu nahi dira dira Usurbe Antzokia birgaitzearekin. “Honela bada, besaulkien toki aldaketa burutuko da, egun erabilgarri ez daudenak kendu eta beste batzuk aldatuz”. Bestalde, “erdiko pasilloa desagertuko da eta alde banatan jarriko dira bi. Erdiko besaulki-patioan batuko dira eserleku guztiak ikusgaitasuna hobetzeko. Palkoetan azkeneko ilara kenduko da eta hutsuneak uniformizatuko dira”. Bestalde, larrialdiko irteerak hobetuko dituzte eta “oro har, egungo plaza kopurua mantendu egingo da”.
Hiru hilabeteko iraupena izango dute obrek eta irailaren amaierarako bukatuta egotea aurreikusten da. Esleipen prezioa 228.446,22 eurokoa izan da eta Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresak burutuko ditu.
Pumptrac pista
Bestalde, pumptrack pista edo eremua berria egiteko lanak ere esleitu dituzte. Horretarako egun Igartzan dagoen skate pisten eremua berrituko dute. Lanak egingo dituen enpresa Pumptrack Park S.L.U. izan da eta 97.936,92 eurotan burutuko ditu lanak. “Prezioaren barruan proiektua eta lanen egikaritzea daude. Behin proiektua aurkezten denean, onartu ondoren hasiko dira lanak. 14 asteko iraupena izango dute”.
Olaran eraikuntza
Azkenik, Manufacturas Olaran eraikuntza partzialki birgaitzeko lanak Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresari esleitzea ere onartu du Beasaingo Udaleko gobernu batzordeak. E”raikuntzaren egoera dela eta lehentasuna eman zaie urak bildu eta dorrea babesteko lanei.” 77.000 euroko kostua izango dute birgaitze lan partzial hauek eta bi hilabeteko iraupena izango dute. “Usurbe antzokian egingo diren lanek baldintzatuko dute lan hauek hasiera”.