Zegama-Aizkorriko Kilometro Bertikala iruditan
Bero handia egin du, eta horrek nabarmen eragin du kirolarien jardunean. Iaz laugarren izan ondoren, aurten irabaztea lortu du Ainhoa Sanz urretxuarrak, baita aurrez bitan bigarren sailkatu den Oriol Cardona kataluniarrak ere. "Emaitzarekin oso pozik nago, uste baino hobeto atera da dena", azaldu du Sanz lasterketaren amaieran. Albistearen barruan Kilometro Bertikaleko bi bideo ikus daitezke.
Ainhoa Sanz urretxuarrak (42’20”) eta Oriol Cardona kataluniarrak (36’12”) irabazi dute Zegamako Kilometro Bertikala. Partaideek Irauli mendira bitarteko (1.520 metro) 3 kilometroko ibilbidea eta 1.015 metroko desnibel positiboa osatu behar izan dute, Arriaunditik abiatuta. Aurrez, 2.200 zati neutralizatua osatu dute Zegamako plazatik. Bero egin du, 28 gradu inguruko tenperatura, eta horrek nabarmen eragin du kirolarien jardunean. 157 partaideen denborak, hemen.
Iaz laugarren postua lortu, eta berriki Mendi Lasterketen Espainiako Txapelketa irabazi duen Ainhoa Sanz gustura dago lortutako emaitzarekin. “Beroaren eraginez hankak pisutxu samar sumatu ditut, baina emaitzarekin pozik nago, uste baino hobeto atera da dena”. 2016an eta 2018an bigarren sailkatu zen Oriol Cardonak podiumeko lehen koskara igotzea lortu du aurten: “Ilusio handia egin dit garaipenak, ez nuen espero, eta pozik eta harro nago. Ederra izan da, sentsazio onak izan ditut, eta froga egokia izan da igandekoari begira. Motibatuta nago”.
SAILKAPENAK
Neskak
- Ainhoa Sanz…………….42’20”
- Natalia Gomez…………44’52”
- Claudia Sabata…………48’26”
Mutilak
- Oriol Cardona……………36’12”
- Antonio Alcalde…………38’04”
- Alain Santamaria……….38’07”