Festa eta kirola, bat eginda
Elkarte arteko gastronomia lehiaketa Loinatz Abesbatzak irabazi du. 'Arritta' omendu dute. Datorren urteko Loinatz jaiak maiatzaren 22an hasiko dira
Asteburu bete-betea izan da Loinatz jaietako bigarrena ere. Mozorroekin batera, beste hainbat protagonista izan dira asteburuan. Batetik, Mikel Aiestaran kazetaria, Beti Bizi elkarteak ematen duen Urrezko Barea saria jaso zuelako. Bestetik, Loinatz Abesbatza elkartea, elkarte arteko sukaldaritza txapelketa irabazi zuelako. Bestalde, kulturarekin lotuta, Argizpi elkarteak antolatutako Beasain Hiria argazki lehiaketa Antonio Aragonek irabazi du eta Igartza Saria, Juan Jose Lopezek. Herriko saria Asier Garagarzak jaso du.
Kirolak ere tarte berezia izan du. Txirrindularitzan, 23 urtez azpikoen Loinatz Proba taldeka Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldeak irabazi du, sailkapeneko 2. (Iker Ballarin), 3. (Eneko Aramendia) eta 4. (Xabier Berasategi) geratuta. Irabazlea, sprintean, Oier Ibarguren izan da. Futbolean, berriz, berdintasunaren aldeko infantil nesken I. lehiaketa Realak irabazi du. Goierri Gorrikoak 3. geratu dira.
Azkenik, Loinatz jaiak, duela urtebete hil zen Iñaki Muxika Arritta-ren omenaldiarekin amaitu dira, joaldunek, dantzariek, Mari Domingik eta herri kirolariek osatutako omenaldian.
Arrittaren omenezko Gipuzkoako aizkora txapelketa Mikel Larran?agak eta Joseba Otaegik irabazi dute (23:21); bigarrenak izan dira Mugertza-Zaldua (23:42); eta hirugarrenak Azurmendi-Alberdi (24:01).