'Harriak: Barru, barren, barrene' erakusketa, Arriarango urtegian
Nestor Basterretxearen eskulturaren barrua aukeratu dute artelanak erakusteko. Gaur da inaugurazioa. Bihar geo ibilaldia egingo dute urtegiari itzulia emanez
Arriarango urtegia eta Nestor Basterretxearen eskulturak inauguratu zirela 25 urte dira. Arriarango urtegiaren horman, Nestor Basterretxeak obra hartako ingeniariekin batera diseinatu zuen egitura da Arriarango urtegiaren ikur nagusia. Egitura hartan badira bi eskultura bolumen eta bolumen horien barruan badira zenbait gela. Orain, uztailaren 14ra bitartean, erakusketa leku bilakatu dute Basterretxearen eskultura bat.
Harriak: barru, barren, barrene erakusketa inauguratuko dute gaur, 19:00etan. Astigarretan bizi den Nader Koochaki izan da erakusketaren komisarioa, eta Antoni Menchen, Ion Arregi, Martin Ferran eta Koenraad Van den Driessche artistak aukeratu ditu proiektua osatzeko. Uztailaren 14ra arte dago erakusketa irekita.
Hirietatik harago, herri txikiagoetan ere arte erakusketak antolatzeko Eremuak izeneko proiektuaren barruan kokatzen da Arriarango Harriak erakusketa. Nader Koochaki komisarioaren esanetan, «arte sorkuntza sustatzea eta testuingurua indartzea baita helburua». Horretarako, «artista bati gonbidapena luzatzen diote komisario lana egiteko, eta artista horrek aukeratzen ditu beste artista batzuk erakusketa egiteko. Idazlan bat ere enkargartzen zaio idatzizko lana egingo duen bati. Elementu horiekin osatzen da erakusketa». Koochakik berak aukeratu du erakusketaren lekua.
Erakusketaz gain, ordea, hitzaldiak eta geo ibilaldiak ere egingo dituzte datozen egunetan. Bihar, adibidez, 10:00etan, Koenraad Van den Driesscherekin Arriarango urtegiari itzulia egiteko aukera izango da, «Astigarretan bizi da, oso ondo ezagutzen du ingurua. Ibili ahala, deskribatu egingo du. Urtegiari emango diote itzulia, geldialdiak eginez. Besteak beste, beheko errota baserriko aztarnetan». Errota horrek, hain zuzen, lotura du Basterretxearekin eta Igartzarekin: « Horkoak direlako, Basterretxeak obra hau egiten ari zela, sondeoekin, errepide bazterrean inprobisatu zuen beste eskulturako suntsituta dagoena errotarriak. Dirudienez, oso gutxi iraun zuen zutik. Beheko Errotako errotarriak jarri zituen. Gaur egun, errotarri horiek Igartzako Monumentu Multzoan daude». Basterretxearen puskatutako eskultura horren maketa eta argazkia aurkitu dituzte, eta erakusketan jarri dituzte ikusgai.
Auzotarrren babesa
Gaurko erakusketara joateko autobusa antolatu dute 18:45ean Beasaingo Barrendain plazatik urtegira; itzulerako ordua 21:00etan du, Intxaurpe elkartetik. Hain zuzen ere, Intxaurpe elkartean, arriarandarrek prestatutako mokadutxoa jateko aukera izango da erakusketa ikusi- takoan.
Astigarretarrek ere parte hartuko dute Harriak proiektuan. «Hainbat lagunek Astigarretako etxeetan lo egingo baitute biharko bisita gidatuan parte hartzeko. Elkarrekin elkartean gosaldu eta jaitsiko gara».
Egitaraua
Bost ekitaldi:
· Gaur. 19:00etan, erakusketaren inaugurazioa Arriarango urtegian eta mokadua Intxaurpen.
· Bihar, larunbata. 10:00etan, Harriak entzuten- Goi Kretazikoa geo ibilaldia Koenraad Van den Driesscherekin. Arriarango urtegian.
· Uztailaren 21ean. 19:00etan, Nader Koochakiren Barru, barren, barrene eta Harriak progama Beasainen hitzaldia. Igartzako jauregian.
· Uztailaren 4an. 19:00etan, Antonio Menchen partaidetzarekin, Arbeiter verlassen die Fabrik (1995; Farocki) proiekzioa eta solasaldia.
· Uztailaren 6an. 09:30ean, Harriak entzuten-Behe Kretazikoa geo ibilaldia Koenraad Van den Driesscherekin. Arriarango urtegian.Erakusketako bisitak
· Ostiral, larunbat eta igandeetan. 10:00etatik 13:30era.
· Astelehenetik ostegunera. Hitzordua eskatuta (gutxieneko taldea, 10 lagun). Hitzordua eskatzeko telefonoa: 943 67 06 37.