Erresidentzietako grebalarien martxa ostiralean iritsiko da Goierrira
ELA sindikatuak deituta, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak 'Zaintza martxa' egiten ari dira, Gipuzkoan barrena. Etzi, Beasain eta Ordizia artean egingo dute protesta.

Gipuzkoako zahar egoitzetako eta eguneko zentroetako grebaren harira, ELAko Gipuzkoako erresidentzietako langileak Gipuzkoa zeharkatzen ari dira aste honetan, Zaintza martxa lelopean. Astelehenean hasi eta larunbatera bitartean, sei etapatan, Gipuzkoako eskualdeetan ibiliko dira kalitatezko zaintza eredua aldarrikatzeko, eta aurrera daramaten «borroka» ezagutzera emateko.
Goierrira ostiralean iritsiko da. Beasain eta Ordizia arteko bidea egingo dute, 10:00etatik 12:00etara, Beasaingo kiroldegi paretik hasi eta Ordiziako udaletxera bitartean. Larunbatean, Donostian, foru aldundiaren parean amaituko da martxa, 11:15ean.
Dagoeneko 72 egun daramate greban lan hitzarmenaren alde, eta uztailaren 12ra arteko deialdia egina daukate. Gipuzkoako zahar-egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan ari dira. ELA sindikatuaren esanetan, 2017an ekin zitzaion negoziazioari, orain dela bi urte; gaur egun, oraindik ere, «egoera hankaz gora dago».
70 egunetik gora greban
Grebalariek «emakume izateagatik pairatzen duten soldata arrakala» salatu nahi dute: «Argi daukagu zergatik gertatzen ari den hau gatazka honetan, zaintza historikoki emakumeok egin dugun lana izan delako, etxean eta inongo soldatarik jaso gabe gainera. Gaur egun gizonezkoak lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen dugu, 6.000 euro gutxiago urtean, emakume izate soilagatik».