San Pedro jaiak ospatuko dituzte Mutiloan, bihartik igandera bitartean
Ostiralean sagardo dastaketa egingo dute. Larunbat gauerako Tio Teronen Semeak taldearen 'Festamentua' dantza saioa eta Guri 5 taldearen kontzertua antolatu dituzte

Udaletxeko balkoira txerria jaistearekin batera hasiko dira San Pedro festak Mutiloan, bihar. Paella janez bazkaldu eta iluntzean, patata tortilla lehiaketa egingo dute. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek, aurrez eman behar dute izena Ostatuan. Elustondo anai-arrebak trikitilariek alaituko dute eguna.
Ostiralean, berriz, sagardoa izango da protagonista, 20:00etatik aurrera. 25 sagardotegitako sagardoa dastatzeko aukera izango da: Petritegi, Astarbe, Calonge, Elutxeta, Otatza, Otsua-Enea, Larrarte, Alberro, Aulia, Olagi, Begiristain, Satxota, Isastegi, Etxeberria, Aburuza, Tximista, Oiharte, Itsasburu, Sarasola, Lizeaga, Larregain, Bereziartua, Oiarbide, Iparragirre eta Akarregi sagardotegietakoak. Edanarekin batera, taloak, pintxoak eta oilasko erreak ere izango dira jateko.
Tio Teronen Semeak eta Guri 5
Larunbata ere, San Pedro eguna, indartsua dator. 14:30ean gazte bazkaria eta 21:00etan herri afaria izango dira. Bi otorduetarako txartelak aurrez hartu behar dira 943 80 11 66 telefonora deituta. Gauean, berriz, Tiro Teronen Semeak dantza taldeak Festamentua ikuskizuna eskainiko du, eta ondoren, Guri 5 taldearen kontzertua izango da.
Autobus bereziak
Bi egun horietarako autobus bereziak antolatu dituzte. Ostiralean, Lazkaotik 19:00etan eta 20:30ean aterako da, Ordiziako (19:10-20:40) eta Beasaingo (19:20-20:50) geltokietan geldituz; eta Zegamatik 19:45ean eta 21:15ean, Seguran (19:50-21:20) eta Zerainen (19:55-21:25) geratuz. Itzultzeko, Beasain, Ordizia eta Lazkaora joateko lau autobus egongo dira: 22:00, 01:45, 03:00 eta 04:30ean; eta Zegama aldera beste lau: 22:45, 01:00, 02:30 eta 04:00etan.
Larunbatean, Lazkaotik eta Zegamatik 22:30ean irtengo dira Mutiloara joateko autobusak, Ordizian, Beasainen, Seguran eta Zerainen geldialdiak eginez. Itzulerarako, bina autobus egongo dira: Lazkaoko noranazkoan, 02:00etan eta 03:30ean eta Zegamarantz, 03:00etan eta 04:30ean.
Igandean herri kirolak
San Pedro jaiei amaiera emateko, herri kirol erakustaldia izango da Mutiloan. Batetik, Iñaki Azurmendi, Aratz Mugerza, Joseba Otaegi eta Xabier Zaldua aizkolariak ariko dira, eta bestetik, Idiazabalgo Xabier Aranburu Guzta harrijasotzailea.
Erakusketa
San Pedro jaiak irauten duten bitartean, eskulan eta argazki erakusketa egongo da ikusgai.