Mikel Aiestaran, 'Irudiak eta hitzak' bildumako lehena
Beasaingo Fotoetxe argazki dendak 'Irudiak eta hitzak' egitasmoa jarri du martxan. Mikel Aiestaran kazetaria da bilduma lan horren aurreneko protagonista.
Ohikoa izaten da Beasaingo Fotoetxe argazki dendetako erakusleihoak ikusteko geldialdia egitea, eta bertan dauden argazki lanez gozatzea. Une honetan, denda berrienean, Loinatz jaietan jarritako Lleidako (Herrialde Katalanak) loretan dauden melokotoiondo koloretsuak daude, eta denda zaharrean, zuri-beltzezko irudiak daude, hitzez lagunduta. Joxe Mari Telleria argazkilariaren Irudiak eta hitzak bildumaren lehenengo sorkuntza lana da.
Ekialde Hurbileko berriemalea den Mikel Aiestaran jaso du bost argazkitan, Beti Bizi elkarteak ematen duen Urrezko Barea saria jasotzera etorri baita Beasainera. Aiestaranen zuri-beltzezko erretratu arruntarekin batera, Aiestaranen lanaren oinarri diren mundua eta Afganistanen estreinatu zuen ETB-ko mikrofonoa lagun izan dituzte irudiak sortzerakoan.
Argazki bakoitza, hitzez lagundurik dago: Begiratzen dizut, Zuregan pentsatzen dut, Begiak eta ahoak zabalik, Berriak emateko. Erakusleihoa osatzeko, Beti Bizik emandako Urrezko Barearen oroigarria, Aiestaranek argitaratutako liburuak, aurtengo Beasaingo Jaietan urtekarian egindako elkarrizketa eta argazkietan erabilitako munduko bola eta mikrofonoa daude jarrita. Sortzailea eta «modeloa» oso gustura gelditu dira lanarekin.
Aiestaranekin egindako lana hasiera besterik ez da, herriko edo eskualdeko pertsonak erretratatu nahi baititu Telleriak: «Eta mordoxka bat ditudanean, erakusketa bat jarriko dut denda zaharrean».