Martzelo Lasaren gorpuzkiak etxera bueltan
1936an Lizarrustin hil zuten Martzelo Lasa olaberritarraren gorpuzkiak bere senideen esku utzi ditu Arantzadik, udaletxeko areto nagusia goraino beteta dela egin duten ekitaldian.
Martzelo Lasa Zeberio 1936an erahildako olaberritarraren gorpuzkiak etxera itzuli dira. Aranzadi Zientzia Elkarteak joan den irailean aurkitu zituen Lizarrustin, eta haren familiaren esku utzi ditu orain. Atzo egin zuten Lasa omentzeko ekitaldia, Olaberriko udaletxean. Senideez eta Aranzadiko kideez gain, udal ordezkariek eta Gogora institutukoek parte hartu zuten ekitaldian. Udaletxeko aretoa goraino bete zuten herritarrek.
Lasa 1936ko abuztuaren 25ean desagertu zen, eta 82 urte geroago aurkitu zuten haren gorpua, Lizarrustin. Aranzadi zientzia elkarteak DNA frogak egin eta gorpuzkiak Martzelo Lasarenak zirela baieztatu zuen. Igandeko ekitaldi hunkigarrian itzuli zizkioten haren arrastoak familiari.
Joxe Angel Munduate ilobak Angel Lasa osaba ere izan du gogoan, hark transmititu baitzien gertatutakoa. “Herrian zegoen ixiltasuna” eta giro txarra deskribatu zizkien, eta orain, “ixiltasun hori puskatu” dela uste du Munduatek. Herrian memoria historikoa gordetzeko talde bat sortu dela ere azaldu du.
Etxean betidanik izan dute gai honen inguruan zerbait egiteko asmoa, baina Jesus Estensorok ekarritako liburuk sortu baitzuen “gu piztu gintuen txinparta”. Liburu hartan jasotako datu batzuei eta Patxi Lakuntzak emandako testigantzari esker aurkitu ahal izan zuten Lizarrustin lurperatuta zegoen gorputza. Maite Lakuntza haren arrebak ere parte hartu zuen ekitaldian.
Gerraren ondorioak gertutik ezagutu zituen Antonio Barandiaran olaberritarrak kantatutako bertsoekin eta txalo zaparrada bero batekin bukatu zen ekitaldia.