Beasaingo elizako 113 urteko Merklin organoa «puntuan» jarri dute
Beasaingo Andre Mari Zeruratuaren elizako organoa konpontzeko 61 lagunek 6.203 euro eman dituzte .Alejandro Turanzasek garbitu eta konpondu du

Beasaingo Andre Mari Zeruratuaren elizako Merklin organoa «garbitu, konpondu eta puntuan jarri» du Alejandro Turanzas organo jotzaileak eta organo konpontzaileak. Barruko 630 tutu eta piezak askatu eta banan-banan urarekin eta ph neutroko xaboiarekin garbitu ditu.
Makina guztiek –«organoa makina bat da»– behar izaten duten garbiketa eta doikuntza lanak eginda, «organo jotzaileak nabarituko du organoak askoz ere hobeto erantzuten duela, finagoa dela mekanikoki, neumatikoki eta soinu aldetik. Entzuleak, berriz, organoak soinu indartsuagoa duela pentsatuko du, baina ez, sentsazioa bakarrik da, organoa ondo afinatuta egonez gero, indar sentsazioa ematen baitu».
Ustekabeko bi lan ere sortu dira: batetik, motorraren kokalekua aurkitzea eta egokitzea, eta bestetik, mikrofonoa aldatzea. Iñaki Erauskinen esanetan, «motorra aurkitzea kostatu zaigu, ez zegoen uste genuen tokian; koruko zoruaren azpian dago». Segurtasun neurri egokietan jarriko dute orain. Bestetik, «organoari zuloa eginda» zegoen mikrofonoa kendu eta organo jotzaileari «traba» gutxiago egingo diona jarriko dute.
Kalitate oneko organoa
113 urte ditu Parisko Merklin etxeak egindako organoak, eta barruak askatutakoan, «nahiko ondo» dagoela ikusi du Turanzasek: «Nahiko zikina zegoen, baina nahiko ondo dago. Nahiz eta 113 urte eduki, organoaren egoera ona da. Urte asko dira organo batentzat. Organoak barruan izaten duen larruak 70-80 urteko bizia dauka, baina oso kalitate onekoa da organo honen larrua; klimak agian lagundu du».
Organoaren ezaugarriren bat edo zatiren bat azpimarratu beharrean, «organo osoa» nabarmendu du Turanzasek: «Organo handi bat da, neurriz txikia izanagatik. Kalitate handiko organoa da, eliza honetarako txikia. Ziur aski, 1906an organoa egin zutenean, beasaindarrek nahiago izan zuten organo ona jartzea, handia jartzea baino. Sonoritate indartsua eta delikatua dauka».
Aurrekontua osatuta
Herritarren laguntza eskatu zuen Parrokiako batzordeak organoaren konponketa eta mantenimendu lanak egin ahal izateko. Iñaki Erauskinen Parrokiako kidearen esanetan, 4.588 euroko aurrekontua izan du eta 61 herritarrek 6.203 euro jarri dituzte. «1.615 euroko soberakina izan da eta organoan gastatuko da dena. Motorrari babeslekua egitea eta mikrofono berria diru horretatik ordainduko dugu».
Konpondutako organoaren soinurik ederra entzuteko, kontzertu berezia antolatuko dute udazkenean.