Hiru egunen faltan, Txindokiko erronkari ekiteko «gogoz» dago Aritz Egea
Aritz Egea Iñaki Maiorak Ordizia-Txindoki-Ordizia ibilbidean 1978an jarritako errekorra ontzen saiatuko da larunbatean. GOIERRIKO HITZAk streaming bidez zuzenean eskainiko du proba.
Atzerako kontaketa hasi da. Hiru egun baino ez dira gelditzen Aritz Egea korrikalari urretxuarrak Emaneurre talde ordiziarrak bere 10. urteurrenean botatako erronkari aurre egiteko. 1978. urtean Iñaki Maiorak Ordizia-Txindoki-Ordizia ibilbidean ezarritako marka hausten saiatuko da. Emaneurrek, teknologia medio guztiak erabiliko ditu edonork zuzeneko jarraipena egin ahal izateko.
Gainean da ia larunbata, erronkaren egun handia. Orain dela 41 urte Iñaki Maiora ormaiztegiarrak, 1953an Juan Jose Rezolak egindako marka hobetu zuen. Ordiziatik Larraitzera bizikletan igo, Larraiztik Txindokira joan-etorria korrika eta Ordiziara buelta bizikletan. Rezolak ordu bat 42 minutu eta 30 segundo behar izan zituen. Maiorak ia 20 minutuan hobetu zuen: ordu bat, 26 minutu eta 28 segundo. Eta larunbatean, 10:00etan abiatuko da Egea Ordiziako Olano taberna ingurutik, Maiorak egindako denbora hobetzeko asmoarekin.
Asteburuan, Mont Blanceko mendi maratoian lan bikaina egin eta bederatzigarren gelditu ondoren, «hanketako minez» dago Egea, baina horrelako erronka gutxiri esaten die baietz eta «gogoz» dago Maiorak utzitako denbora ontzen saiatzeko.
Emaneurreko kideek pasa den azaroan egin zioten proposamena urretxuarrari. «Bizikletako tramoa probatu ondoren» baiezkoa esan zien, denbora hori hobetzea «posible» zuelakoan. Dena den, garbi dauka ez dela lan erraza izango. «Maiorak denbora oso ona egin zuen eta kontuan izan behar da orain dela 40 urte egindako denbora dela».
«Maiorak oso denbora ona egin zuen,
eta kontuan izan orain 40 urte izan zela»«Korrika aldapan gora Maiorak baino
denbora hobea egin beharko nuke»Aritz Egea (Mendi korrikalaria)
Guztira 24,6 kilometro egin beharko ditu. Aurrekoek egindako bide beretik egingo du. «Korrika egin beharreko bidea da gutxien aldatu dena, beraz bizikletan egin beharreko tartea alde» izango duela uste du Egeak. Txirrindulari izandakoa da, nahiz eta aspaldi ez den kirol horretan aritzen, baina azkeneko 40 urtean «bai errepidea eta bai txirringak asko hobetu dira». Korrikan, «aldapan gora Maiorak baino denbora hobea» egin beharko duela esan du. Aldapan behera, berriz, «partziala ikaragarria» da. Txindokitik Larraitzera jaisten 15 minutu eta 13 segundo behar izan zituen Ormaiztegikoak. Denbora hori «zorakeria» dela esan du, «asko arriskatu behar» dela, eta hiru aste barru Golden Trails-etako Dolomitetako lasterketara «ondo iritsi» nahi du.
Zuzeneko jarraipena
Emaneurre taldeak saiakera izugarria egin du herritar guztiek Aritz Egeak egingo duen probaren zuzeneko jarraipena egiteko. «Gai hoiek kontrolatzen dituztenengana jo genuen eta badirudi posible izango dela», esan du Egoitz Iztuetak Emaneurreko kideak.
Mendira gerturatu nahi dutenek, bertatik bertara ikusi ahalko dute erronka, baina «Emaneurrek bestelako aukerak ere emango ditu». Batetik, pantaila erraldoia jarriko dute Olano taberna inguruan eta «zuzenean ikusi ahalko da gertatzen ari den guztia». Irudiak lortzeko medio ugari mobilizatuko dituzte. «Egea Olano ingurutik ateratzen den unean, bi moto aterako dira harekin batera, eta kamera bana joango dira moto gainean. Gaintzako bidegurutzera arte grabatuko dute. Txindokiko igoera eta jaitsiera drone bidez eta kamera fijoekin grabatuko dute. Tarte motz batean gainera, beste lasterkari batek ere grabatuko du korrika».
Pantaila erraldoiaz gain, jarraipena egiteko beste bide batzuk ere egongo dira. Emaneurre taldearen sare sozialetan zuzenean ikusi ahalko da erronkaren proba: Youtuben, Facebooken eta Twitterren. Gainera, hainbat komunikabidek ere zuzeneko jarraipena egingo dute. GOIERRIKO HITZAk ere, zuzenean emitituko du goierri.hitza.eus webgunean.
Zuzeneko jarraipena· Bitartekoak. Kamara finkoak, motoak eta droneak erabiliko dituzte ibilbidean zehar, zuzeneko emisioa eskaintzeko.
· Pantaila erraldoia. Olano taberna inguruan pantaila erraldoia jarriko dute, eta zuzenean jarraitu ahal izango da erronka.
· Streaming-a. Emaneurre taldearen sare sozialetan eta Youtuben eskainiko dituzte probaren irudiak, streaming bidez. Hainbat komunikabidek ere zuzeneak emango dute seinalea, tartean Goierriko Hitza-k.
· Wifi sarea. Txindoki eta Larraitz inguruan wifi sare librea jarriko dute, ikusle eta komunikabide guztientzat.